Burkina Faso taldeak irabazi du Sukaldaritza Lehiaketa
Agorreko Santikutz jaiak ospatzen ari dira Legazpin, eta gaur, usain eta zaporez betetako goiza izan dute plazan. Goiz osoan zehar, sukaldaritza lehiaketa egin dute arkupeetan; plazan berriz, galiziako gastronomia probatzeko aukera izan da. Erraldoien kalejirak eta musikaz alaitutako giroak bete dute goiz partea. Arratsaldean, 3×3 saskibaloi txapelketa eta Erraldoien bigarren alardea izango dituzte.
Aurten 33. edizioa bete du Legazpiko Sukaldaritza Lehiaketak, eta 11 elkartek parte hartu dute. Marmitakoa prestatu dute, hegaluzearekin eta Bertatik Bertara egitasmoko produktuekin. Burkina Faso taldea izan da lehen saria jaso duena; bigarrena Futbol7 txapelketa antolatzen duten taldekoek jaso dute, eta hirugarren saria, Iratzarri etxeko andreen elkartearentzat izan da.
Argazkiak: Gotzon Aranburu