Legorretako Udalak hiru ikastaroren deialdia egin du. Bi euskara ikasteko dira, eta beste Pilateserako.
Euskarari dagokionez, batetik, herrian bizi diren legorretarrek ikasi, hobetu edo landu ahalko dute, kurtso batean. Herrian bertan izango dira eskolak. Izena irailaren 18rako eman behar da, udaletxean. Ondoren, mailaketa probak egingo dituzte, eta horren arabera zehaztuko dituzte taldeak. Klaseen %80ra joaten denari, gainera, Udalak matrikularen kostuaren %75 ordainduko dio (400 euro gehienez).
Beste euskara ikastaroa etorkinentzat da, Aisa metodoan oinarrituta. 60 orduko kurtsoa da, bina orduko 30 egunetan burutuko dena. Aisa liburuak eta zazpi hizkuntzatan dagoen hiztegi irudiduna erabiliko dute. Material hori guztiak udalak ordainduko die ikastaroko kideei. Plazak kontatuak dira, baina gutxienez 6 lagun behar dira taldea osatzeko. Matrikula 19 euro da. Izena emateko azken eguna irailaren 18a da, udaletxean (943 08 40 00).

Legorretan ‘Euskaraz bizi nahi dut’ aldarria egin zuten abenduan, Euskararen Egunean./Aimar Maiz
Bestetik, Pilateseko ikastaroa ere bultzatu du udalak. Izena emateko epea asteazkenean (irailak 9) bukatu zen. Irailaren 14an hasiko da, eta ekainaren 15ean bukatuko da. Hilean 30 euro da kuota (denera 270 euro).