Herrigune, auzo eta mendietako jaiak hartu ditu asteburuak Goierrin
Legazpin Agorreko Santikutzak, Itsasondon Urkiko jaiak, Beasainen Igartza-Loinazkoak, Lazkaon Gurutzekoak lehenengoz eta Beloki Gurutzeko erromeria, ZumarraganGoierriko festak azkena ematen ari dira udako argia itzaltzen ari den eran. Asteburuan Legazp...
Legazpin Agorreko Santikutzak, Itsasondon Urkiko jaiak, Beasainen Igartza-Loinazkoak, Lazkaon Gurutzekoak lehenengoz eta Beloki Gurutzeko erromeria, Zumarragan
Goierriko festak azkena ematen ari dira udako argia itzaltzen ari den eran. Asteburuan Legazpiko erdigunean Agorreko Santikutzak ospatu dituzte. Itsasondoko Urkiko jaiak atzo iluntzean amaitu ziren. Beasainen Igartza-Loinazko festak izan dira. Lazkaon Gurutze auzunea lehenengo aldiz murgildu da auzoko bertako jaietan. Zumarragan Beloki Gurutzeko erromeriara inoiz baino jende gehiago ez beharbada, baina adin guztietako ehunka zumarragar elkartu dira, «jende asko, asko, asko» Jose Roman Urkiola Belokiko Gurutzearen Lagunen elkarteko kidearen esanetan. Jai horiek guztiak Urretxuko Santa Anastasia festa nagusien atarian ospatu dituzte joan den asteburuan. Behin Urretxukoak amaituta, Zaldibiako santafeak izango dira azkenak, udazkenean murgilduta jada.Agorreko Santikutz jaiak ez dira nolanahikoak Legazpin. Festa handienak dira maiatzeko jai nagusien ondotik. Asteburuan ospatu dituzte eta sukaldaritzak toki nabarmena izan du. Larunbatean marmitakoa prestatu zuten kuadrillek gastronomia lehiaketan. Aurten 33. edizioa bete du Legazpiko Sukaldaritza Lehiaketak, eta 11 elkartek parte hartu zuten. Burkina Faso taldea izan zen lehen saria jaso zuena; bigarrena Futbol-7 txapelketa antolatzen duten taldekoek jaso zuten eta hirugarren saria Iratzarri etxeko andreen elkartearentzat izan zen.
Legazpin, datorren astebururako utzi dute Gorostiagarako igoera. San Martin auzoko arkutik abiatuko dira igandean, 09:45ean. Meza mendian egingo dute 11:00etan eta ondoren erromeria egongo da.
Igartza-Loinaz auzoan aspalditik dator jaiak antolatzeko ohitura. Azken 40 bat urteetan ez dute etenik izan eta azken lauzpabost urteetan Igarloi bizilagunek osatutako elkarteak antolatu ditu. Egitarauan haurrei nahiz gaztetxoei zuzendutako ekintzak helduei zuzendutakoekin uztartu dituzte. Herenegun 250 lagunentzako paella egin zuten.
Jai handi eta txikiak
Itsasondoko Urkiko jaien baitan atzo ospatu zuten Gurutze Deunaren Eguna. Meza, hamaiketakoa eta bazkaria egin zituzten; Ostolaza eta Andonegi trikitilariek girotutako erromeria iluntzera arte luzatu zen. Festa guztietan zehar saski bat zozkatu dute eta zenbaki irabazlea atzo atera zuten.
Lazkaon Gurutze auzoan lehenengo jaiak egin dituzte asteburuan, «auzoari bizi pixka bat ematearren» jai batzordeko kideen hitzetan. Buruhandiak, txarangak, kontzertuak, puzgarriak, lasterketak, paella janak eta abar antolatu dituzte.
Zumarragan Beloki Gurutzearen jaia izan zen herenegun. Jende asko igo zen Belokira, eguraldiak lagundu zuen ateri eutsi baitzion.
Datorren asteburuan Urretxun jaiek eztanda egingo dute eta kuadrillen bazkarian parte hartzeko izena eman daiteke bihar bitartean, kultur etxean.













