Berri gozoak Ataundik
Jon Etxeberria ataundarrak lehen feria eguna osatu du Gozatu izeneko lau ezti mota saltzen
Udazkena aldaba joka dugunaren seinale, haize ufada zakarrak astindu ditu bazterrak ferian. Erosgaietan ere larrazkeneko lagin ugari zeuden. Hala nola, lehen gaztainak, Oiartzungoak, Mikel Lasaren postuan zeuden salgai –4 euro kiloa–, baita babarrun txuri, gorri eta beltz denak ere. Beltzak du estimazio handiena eta ondorioz baita preziorik gorena ere. Lehenek 10-12 euro kiloko prezioa zuten lekan, eta 14 euroan aletua. Frutetan, piku beltz eta zuriak, intxaur berriak, geroz eta sagar eta udare mota gehiago, eta irasagarra ere aukeran. Gainerakoan, tomate, piper, uraza, leka, kuia, kuiatxo, oberginia edo berenjena, zerba…ugari. Oraindik astia izango da lan hauetarako, baina aipatzekoa da tipula zuri landarea salgai dela 3 euroan ehuneko sorta. Mikologia atalari begiratuz, onddo asko eta ikusgarriak. «Ez dira Euskal Herrikoak, Burgos, Errioxa… alde horietan asko ateratzen ari da», zioen Lasak. Horiekin batera gibelurdin, esnegorri eta zizahori asko. Gozatu eztia salgai Postu berri bat astero ferian. Ataungo Jon Etxeberria erlezainak Gozatu etiketarekin salgai izango du astero hainbat ezti mota. Oraingoz akazi, erromero, milalore eta ezkai eztia ekarri ditu. Ontziaren neurriaren arabera 4,5 (320 gr.), 6 (500gr.) eta 10 (kiloa) euro artean salgai. Hemengo erle beltzekin ari da lanean, «bertako ezaugarrietara ondoen ekoizten dena» delako. Nafarroan, Los Arcos inguruan, eta Goierrin ditu erlauntzak. «Hangoak ziurtasun handiagoa ematen badu ere, eguraldia dela eta, aurten hemen oso urte ona izaten ari gara». Gaur gaurkoz, Usurbilgo Eztiolan erabili ohi du, baina laster Zaldibian sortze bidean den plantak lana erraztuko diolakoan da. Epe ertainera, propoleoa, jalea edota polena ere ekarriko ditu. Azken urteetan gazteak poliki-poliki ari dira postuak betetzen: Joseba Baez behi gazta ekologikoarekin; landaretan aritzen diren Monteseko Patxik aitaren lanari erreleboa hartu dio; Esther, berriz, Esther Illarramendi amaren ondoan ikusten da astero; eta orain, Jon Etxeberriak gozatuko ditu bazterrak.