Gertu izan dute gailurra
Indiar Himalayako Nun mendia igotzeko asmoz abiatu ziren abuztuan Pedro Garcia eta Ander Goia mendizale goierritarrak; 6.000 metrora iritsi ziren, baina osasun arazoak tarteko, itzuli egin behar izan zuten.Abentura guztiak ez dira ondo bukatzen, baina ...
Indiar Himalayako Nun mendia igotzeko asmoz abiatu ziren abuztuan Pedro Garcia eta Ander Goia mendizale goierritarrak; 6.000 metrora iritsi ziren, baina osasun arazoak tarteko, itzuli egin behar izan zuten.
Abentura guztiak ez dira ondo bukatzen, baina saiatu gabe gelditzearen damurik behintzat ez dute Ander Goia eta Pedro Garcia mendizale goierritarrek. Abuztuan indiar Himalayako Nun mendia (7.135 metro) igotzen saiatu ziren. Mendi ezezaguna da, baina nahiko pikoa eta igoera gogorrekoa. Denboraz ere nahiko justuan joan ziren, bisatuen kontuak tarteko. 6.000 metrora arazorik gabe igo ziren, baina osasun arazoak tarteko, bueltako bidea hartu behar izan zuten azkenean.Abuztuaren lehen egunetan ekin zioten bidaiari. Hasieran «dena ondo» joan zela azaldu dute bi mendizaleek, bai Indiarako bidaia eta baita handik Rangdum herrirainokoa ere. Nun eta Kun mendiak, indiar Himalayan daude, Cachemiratik eta Pakistango mugatik oso gertu. Gatazka lekua izanda, militarren presentzia handia dela azaldu du Ander Goiak; «bailara guztia militarrez josita dago, alde guztietan daude». Hori dela eta, satelite bidezko telefonorik ere ezin izan dute erabili, militarrek debekatzen dutelako.
Azken txanpan dena okertu bazen ere, ordura arteko bidaia «oso ondo» joan zela eta bidearekin «gozatu» egin zutela azaldu du Garciak. «Oso mendi ederra da, argazkietan ikusi genuen bezalakoxea». Gainera, bide guztian «lasai-lasai» joan ziren. «Mendi ezezaguna izanda, oso jende gutxi joaten da, eta gu ia bakar-bakarrik ibili ginen».
Bidea ere ondo hasi zuten. «Oso eguraldi ona egin zuen eta baldintzak onak ziren». Hala abiatu ziren 4.600 metroan dagoen oinarrizko kanpamendura aurrena, eta lehen kanpamendura ondoren. Handik bigarren kanpamendurako tartean hasi ziren gorabeherak. «Biharamunean lainotuta zegoen, baina eguraldia altxatu zenean bigarren kanpamendura igo ginen, materiala igo eta dena prestatzeko» Dena muntatu eta gero, atzera lehen kanpamendura jaitsi eta beste gau bat pasa zuten bertan, «aklimatatzen bukatzeko». Hurrengo egunean bigarren kanpamendura igotzeko asmoa zuten, baina Goia gastroenteritisak jota zegoen, eta ezin zuen jarraitu. Garciak harekin gelditzea erabaki zuen. «Elkarrekin joan ginen, eta nik garbi nuen lagunarekin gelditu behar nuela».
Hurrengo egunerako hobeto zegoen Goia, eta bigarren kanpamendurako bidea hartu zuten. Bidean ordea, Garcia hasi zen gaizki sentitzen. «Hamar pausoeman orduko eztul batean hasten nintzen». Goiak ere gogoan du: «arnasik gabe gelditzen zen». Kanpamendura iristea lortu zuten, baina ez zeuden jarraitzeko moduan. Beraiekin joandako lau espedizio kideetatik hiruk lortu zuten gailurrera iristea, bi bizkaitarrek eta katalan batek.
Tontorra hain gertu ikusi eta igo gabe itzuli beharrak «pena handia» eman bazien ere, hotzean pentsatuta, hartutako erabakiarekin gustura dago Pedro Garcia. Indiatik bueltan, medikuek pneumonia zuela esan zioten, eta ondo egin zuela buelta hartuta. «Kosta egin zitzaidan erabakia hartzea, pena handia ematen zidalako, baina horrela ez zegoen jarraitzerik. Egun bat itxaron genuen, baina ez nuen hobera egiten, eta azkenean, behera jaistea erabaki genuen».
Aurrera begira «aukera gehiago» ere izango direla azaldu du Garciak, eta okasioa sortuko balitz, Nun mendira itzuliko direla. Bitartean, bakoitza bere proiektuetan dabil; «beti izaten dugu bidaiaren bat buruan». Mendia dute pasio eta «beti ametsetan» jarraitzen dute, hurrengo abentura noiz sortuko zain.













