Korrikarako eguraldi paregabearekin —eguzkitsu, baina bero itorik gabe—, 100 korrikalarik parte hartu dute Zaldibiako V. Herri lasterketan, gaur goizean. Ordutegia aldatu dute aurten antolatzaileek, arratsetik eguerdira (11:30ean hasi da). Parte-hartze kopuruari eutsi dio.
Alex Oiarbide ordiziarrak (Txindoki-Jaso) irabazi du lasterketa, bigarren itzulian buruan bakarrik jarri, eta minutu erdi inguruko abantaila erosoari azkeneraino eutsita. Emakumezkoetan Maitane Guerrero hernaniarra izan da lehenengoa.

Alex Oiarbide, Zaldibiako Herri Lasterketaren buru, Zelaatik gora helmugarantz./Aimar Maiz
Zaldibiarrei dagokienez, gizonezkoetan lehena Aitor Intsausti izan da, eta emakumezkoetan Laida Elizegi.
Betiko ibilbidea egin dute korrikalariek, 7 kilometro luzekoa. Plazatik abiatu, eta Zelaako biribilgunerarino bi joan-etorri, kaskotik gorantz eta beherantz.
Korrikaldia hasi aurretik, Txindoki Atletismo Taldeko Jose Antonio Peña eta Txiki Arrugaeta zirenei omenaldia egin diete. Aitor Irastortza bertsolariak bertso bat bota die lasterkariei, irten aurretik.

Maitane Guerrero hernaniarra, emakumezkoetan garailea./Aimar Maiz
Sailkapen guztiak Zaldibia.org webgunean jarri ditu antolakuntzak.

Aitor Intsausti, lehen zaldibiarra mutiletan./Aimar Maiz

Laida Elizegi, zaldibiar onena nesketan, karreran./Aimar Maiz