Beasainen futbola, jokatzetik jolastera
Futbolaren esentzia bera berreskuratu eta plazaratu dute, asteburuan, Beasainen. Beasain Kirol Elkarteak antolatutako ‘football fest’ jaialdiak futbol usaina barreiatu du herri guztira. Ehunka neska-mutiko ari dira lehiaketan parte hartzen. Milioi askoko negozio kutsutik urruti, eta hoolligan tentaziotik aparte, futbolaren mamiaz ari dira gozatzen, eta ikasten.
Beasaingo plaza nagusian, Loinazko San Martinen, kokatu du jokalekua Beasain taldeak. Txandaka, hiruna laguneko taldeak aritzen dira elkarren aurka, partidatxoetan; atezainik gabe, eta hesiez markatutako esparruan.
Futbola festa gisa ulertarazteko eta gizartean jolas modura sozializatzeko eginahala da Beasaingoa. Aurten parte-hartze marka guztiak hautsi dituzte. 121 talde lehiatuko dira, asteburu osoan —5na kide izan behar dute—. Denera 516 neska-mutil (neskak 150 bat, antolakuntzak zehaztu duenez).
Jokoa eta jolasa ez direla berdinak erakutsi dute, eta, jolasa askoz politagoa eta ikusgarriagoa dela.