Esparruko jira bihar egingo dute lazkaotarrek
Lazkaotarrek bihar, igandea, egingo dute Esparruko urteroko igoera, erromeria eta festa. 09:00etan irtengo dira, plazatik. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, mendian. Txalaparta joaldia, ikurrinari omenaldia, dantzariak, bertsolariak eta trikitilariak izango dira bertan.
Haurren eta helduen jokoak egin ondoren, 14:30ean bazkaria izango da, Esparru bizkarreko arboladian. Arratsaldean, Iban Urdangarin eta Aratz Igartzabal bertsolariak eta trikitilariak ariko dira.
Euria egiten badu, ekitaldiak Lazkaoko plazan ospatuko lirateke. Ikurrinaren omenaldia 13:00etan izango litzateke, eta ondoren jokoak. Bazkaria ere plazako pilotalekuan egingo lukete, 14:30ean.
Bestetik, Esparruko jira girotzeko, gaur 19:00etan Antzar Gazteak txistulariak eta buruhandiak irtengo dira plazara.
Amalur eta ikastolaren lehenengo mendi irteera ere izango da Esparrukoa. Denboraldia igandean hasiko dute.