Iraileko aldapa leuntzeko, hirugarren asteburua ere jaiez zipriztinduta dago, Goierriren luze-zabalean.
Urretxun Santa Anastasia festak dituzte,
Itsasondon iraileko jai nagusiak ospatzen ari dira, eta Beasaingo
Arana-Bideluze kalean eta Ordiziako
Eskarabilla auzunean ere festak dituzte.
Urretxun, abelgorrien erakusketarekin hasi dute gaurko festa-eguna, atzo lehertu ondorenetik bigarren jardunaldia. Abenidan herriko hamar baserritatik ekarritako ganadu buruak eduki dituzte ikusgai, arraza askotakoak.

Herriko baserrietako abelburu erakusketa, Urretxun, gaur goizean./Aimar Maiz
Itsasondon ere atzo arratsaldean ekin zioten egitarauari. Herri afarian 160 bat lagun elkartu ziren, eta “giro bikainean” jarraitu zuen gauak, Ezten Giro musika taldearen doinuetara. Plazan karpa handi bat jarri dute, aterpetarako. Haren inguruan bi txosna ere kokatu dituzte, eta herriko Kaxintane ostatuarekin batera, festaleku dotorea moldatu dute, Errota pilotalekuaren aurrean. Udaletxeko goiko balkoian ijito panpina bat ere jarri dute, herritarren izengoitiari ohore egiteko. Bestetik, berde argi koloreko lepoko zapia ere atera dute, tabernetan 2 euroan salgai dagoena, “Itsasondoko ijito festak” dioena.

Itsasondon, bazkaritarako jakiak prest, gaur./Aimar Maiz
Gaur, larunbata, paella jana eta herri bazkaria dituzte Itsasondon. 214 lagun elkartuko dira mahaian, kuadrillaka. Talde bakoitzak bere paella prestatu du, eta gainean norberak ekarritakoarekin hornituko dute bazkaria.

Bazkal aurretik, pintxoak prestatzen, Itsasondon./Aimar Maiz