Herriko tabernariek Muturbeltz egunerako prestatutako pintxoak aurkeztu dituzte
Muturbeltz eguna ospatuko dute asteburuan Beasainen, eta antolatuko diren ekitaldien artean, tabernariek ere beraien aletxoa jarri nahi izan dute. Iaz hasitako bidetik, aurten ere herriko tabernariek pintxo berezi bana prestatu dute astebururako. Muturbeltz eguna oinarri hartuta, kolore beltza eta bertako produktuak izan dituzte oinarri gehienek, plater goxoak ez ezik, bisualki ere erakargarriak eginez. Ostiraletik igandera bitartean probatu ahal izango dira.
Aurten Beasaingo zortzi tabernari edo sukaldarik parte hartu dute egitasmo honetan. Enrique Fleischmann sukaldari mexikarraren gidaritzapean, tailler batean parte hartu zuten; bertan, pintxoak lantzeko ideiak eman zizkien, hala nola textura ezberdinak, koloreak eta teknika ezberdinak nola landu. Han ikasitakoa praktikan jarri dutela eta “denbora aprobetxatu” dutela azaldu du Fleischmannek, eta “emaitza inspiratzailea” izan dela.
Iazko lehiaketaren aldean, aurten pintxoen “maila igo” egin dela uste du. “Beltzarekin lan egiten saiatu dira, batzuk plater berezi edo osagarriak ere ekarri dituzte, eta azkenean lan ezberdinak eta dibertigarriak egin dituzte, hori baita azken finean gure lana”. Ez zen ausartu denetan onena zein iruditu zaion esatera, baina denek “ilusioa eta izpiritua” dutela azpimarratu zuen.
Aito Aldasoro Beasaingo alkateak, eskerrak eman dizkie, bai Fleischmanni eta baita herriko tabernariei ere, egindako lanagatik. Horrez gain, ekimenarekin “datorren urteetan ere jarraitzeko asmoa” badutela azaldu du. Fleischmannek ere, “dinamika interesgarria” dela eta datorren urteetan ere “jarraipena izatea” espero duela gehitu du.
Parte hartu duten tabernak eta aurkeztutako pintxoak:
- Basakana: Onddo kremaz betetako crepe belztua, patata purearekin lagunduta.
- Batzokia: Beltzez tindatutako bakailoa konfitatuta, bizkaitar saltsaz lagunduta.
- Bideluze: Txipiroi eta barazki salteatua, kalamar tintaz koloreztatutako tenpura bola batean bilduta.
- Kuluxka: Ali-Oli beltz baten gainean, gulak, kristalezko piperrak, bentreska eta oliba beltzak.
- Ortzi: Odolki patea, kalamar tintaz belztutako crepe-etan, eta pikillo piper kremaz lagunduta.
- Riojano: Ogia, urdaiazpikoa eta hazi beltzak dituen kraskaria, arraultza eskalfatuz eta kalamar tintaz lagunduta.
- Tti-Tta: Beasainmendiko babarrunekin egindako indaba-jana sakramentuekin, brick-ezko tartaleta batean jarrita.
- Plazape: Ezin izan du aurkeztu, baina astebururako prest izango dute Muturbeltz pintxoa.