Aste honetan bukatuko dira 41. euskara ikastaroak, udari dagokionez. Bi asteko kurtsoak egin dituzte. Iaz baino %4 ikasle gehiago ibili da. Festa etzi, kantu-afarianGaur egungo gizarte eredura eta pertsonen beharrizanetara egoki moldatu dira Maizpidere...

Gaur egungo gizarte eredura eta pertsonen beharrizanetara egoki moldatu dira Maizpideren bi asteko euskara ikastaroak. Hori erakutsi dute datuek, aurten ere. Uztailean, abuztuan eta irailean hamabost eguneko ikastaroak egin dituzten ikasleen kopurua %4 hazi da, iaztik. Aste honetan bukatuko da, ondoren ohiko martxari ekiteko.
Uda garaiak «zapore ona» utzi du Maizpiden. Bai kopuruagatik, bai programen garapen egokiagatik. «Uztailean, lehenengo ikastaroan besteetan baino ikasle gutxiago etorri ziren, baina gero gehiago. Batez ere abuztuko bigarren hamabostaldian. Irailean ere, inoiz baino gehiago», zehaztu du Maizpideren zuzendari Jon Urdangarinek.
Udari begira pentsatutakoak dira bi asteko egonaldiak. «Funtzionatzen dute. Jende askok oporren erdiak hemen igarotzen ditu, euskara ikasteko hartuta. Hilabete osoko ikastaroak eginez gero, ez lirateke etorriko».
Guztira, sei ikastaro izan dira, hamabost egunekoak —tarteko asteburua ere barne hartuta—. Euskara maila desberdinak ikasteko edo lantzeko modua eskaini dute, barnetegian.
Ikasgelako jardunaren parez pare eta osagarri, kultura egitarau bat ere gauzatu dute hiru hilabeteotan. «Maizpideren helburua, beti, herritarrak eta euskaltegikoak elkartzea da. Udan zailago izan ohi da hori, baina lortu dugu», dio Urdangarinek.
Azkeneko ekitaldia etzi izango da, 20:30ean, Maizpiden bertan. Kantu-afaria antolatu dute, ikasle eta irakasle artean. Koarto Txikiko Bandak girotuko du musikarekin; euskaltegiko irakasleek eurek sortutako taldea da.
Mintzalaguna hastera doa
Bestetik, Lazkaon Mintzalaguna ekimena hastera doa. Astean ordubetez euskaraz aritzeko euskaldun zaharrei eta berriei dei egin diete. Gerriko liburu-dendan (943 88 65 00), elkartean (943 16 02 82), ikastolan (haurraren tutoreari) edo Maizpiden (943 88 92 31) apunta liteke.