P21 merkatal guneko igogailu publikoa martxan da dagoeneko
Ordiziako P21 merkatal guneko igogailua martxan da pasa den asteaz geroztik. Ordiziako Udalak aspalditik esku artean zuen proiektua da, eta azkenean, aurten gauzatu dute. Proiektuaren helburua «irisgarritasuna hobetzea» da, eta merkatal guneko hiru solairuetan ez ezik, gunearen gainaldean dagoen plazan ere gelditzen da. Hala, San Bartolome, Kaleberri, Rezola, Maribaratza eta Goierri kaleak erdigunearekin konektatzeko ere balioko du azpiegitura berriak.
Maiatzean hasi eta iraileko lehen asteetan bukatu dituzte lanak, eta udalak dagoeneko eman du zabaltzeko baimena. Astiazaran eraikuntza enpresak egin du obra zibila, eta igogailua, Ulahi etxeak jarri du. Lanen kostua, 104.000 eurokoa izan da.
Igogailu panoramikoa da, kristalez estalia, eta 8 pertsonarentzako tokia du. Egunez zabalduko dute; astean, 06:45etik 21:15era, eta asteburu nahiz jaiegunetan 09:15etik 20:45era.