Jubilatuen ospakizunek igandean jarraituko dute
Giro bikainean ospatu dituzte erretiratuei eskainitako egunak Goierriko hainbat herritan. Adintsuenak omendu dituzte, 102 urtekoak tartean. Ekimenekin segitzen dute jubilatu elkarteekEskainitakoa estimatzen badakite edadetuek. Urtean behin herriak egit...
Giro bikainean ospatu dituzte erretiratuei eskainitako egunak Goierriko hainbat herritan. Adintsuenak omendu dituzte, 102 urtekoak tartean. Ekimenekin segitzen dute jubilatu elkarteek
Eskainitakoa estimatzen badakite edadetuek. Urtean behin herriak egiten dien omenaldia igandean zuten Legorretan, Zaldibian, Seguran eta Beasainen. Legazpin ostiralean da, Itsasondon eta Olaberrian datorren jaian , eta Lazkaon asteartean.Legazpin, meza izango dute 13:00etan parrokian, eta bazkaria gero Urbeltz pilotalekuan. Bazkalondoa Alaitasuna Errondailak girotuko die.
Itsasondon meza igandean 11:00etan dute. Gero, biltokian salda aterako diete, eta 14:00etan bazkaria dute, Nautikon.
Olaberrian, 13:00etan da meza eta 14:00etan bazkaria Arrietan dute. Autobusa Errekalden 12:20an eta Ihurren 12:30ean aterako da. Itzulerakoa 19:00etan da.
102 urtekoak omenduta
Seguran, 110 lagun elkartu ziren, igandean, Baratze pilotalekuan bazkaritarako. Meza ondoren, koruaren eta dantzarien emanaldiak entzun eta ikusi zituzten. Adintsuena Lucia Imaz zen, 102 urte betetakoa. Lore sorta eman zioten elizan lehenik, eta omenaldia egin zioten plazan gero. Bazkaltzen izan zen, pertxenta eta bizi. Trikitilariek alaitu zuten bazkal ondorena.
«Animo polita izan genuen, nahiz eta dantza askorik ez egin», dio Atseden elkarteko Agedak. Urriaren 1ean Erriberri-Olitera, Uxuera eta Tafallara joango dira. Izena bihar eta etzi eman behar da (19:00-20:00).
Zaldibian ere 102 urte irailaren 10ean bete zituen Zubiondoko Joxepa Etxeberria omendu zuten. Ehun urtetik gorakoei aipamen berezia egiteko ohitura du Beti-Gazte jubilatu elkarteak. Ez zen bazkaltzera joan.
Bazkaria Zubi-Buru elkartean egin zuten, 80 bat lagunek. «Hango zuzendaritzakoek antolatzen dute dena. Gurekin kezkatzen dira. Lehen zineman egiten genuen, baina iluna eta tristea denez, iaz aldatu genuen Zubi-Burura», dio Maria Dolores Aranburu Beti-Gazteko juntakideak.
Emakume adinekoena Mertxe Arruabarrena, gizonezkoa Felix Erauskin, eta ezkon bikotea Pello Erauskin eta Miren Irastortza omendu zituzten. Patxi Iraolak bertso batzuk kantatu zituen.
Gaur, buztin tailerra egingo dute, eskola-umeekin. 16:30ean txikiekin, eta 18:00etan 8 urtez gorakoekin dira saioak.
Legorretan ere gustura
Legorretako Aldaieta elkarteak jaian egin zuen festan ere «dena oso ondo» atera dela esan du Migel Angel Amenabarrok. Paskual Iraola eta Anita Maiz omendu dituzte, loreak eta erloju bana oparituta. Lehenik hildako lagunen aldeko meza entzun, eta herriko elkarteek eskainitako hamaiketakoa dastatu zuten. Intxaustin bazkaldu zuten. Aurelio zaldibiarrak girotu zuen dantzaldia. «Jendea dantzan, eta giro ona».
Urriaren 7an Sara eta Kanbo (Lapurdi) ikustera joango dira, eta Hondarribian bazkalduko dute (irteera 09:00etan). Izen-ematea irailaren 28 eta 29an da.













