2016an ere egingo da Ehunmiliak, uztailaren 8tik 10era
Hala jakinarazi du Arrastaka taldeak sare sozialen bidez. Urteroko balorazioa egin ondoren, aurtengoaren arrakasta eta jendearen ilusioa gogoan, datorren urtean ere Ehunmiliak proba egingo da. Uztaileko bigarren asteburuan izango da, ohi bezala, eta datorren urtekoa zazpigarrena izango da.
2010ean egin zuten lehen aldiz Ehunmiliak, eta proba luzearekin batera urtero errepikatu dute Goierriko Bi Handiak proba ere. Aurten, baina, beste pauso bat eman dute, eta Mari Murumendi Maratoia ere egin dute. Ostiral arratsaldean hasten da festa, parte hartzaileentzat eta ikusleentzat lasterketa izateaz gain, festa giroko egunak izaten baitira asteburu horretakoak Beasainen.
Datozen asteetan joango dira informazio gehiago ematen, baina ehun milien ametsa bete nahi duenak, badu egutegian gorriz markatzeko beste data bat. Ordura bitartean, gogoratu aurten hiru probek utzi dutena: Ehunmiliak 2015.