Mutur Beltz pintxoa prestatzen aritu diren ostalariak
Gaur hasi eta igandera arte, Mutur Beltz festa ari da ospatzen Beasainen. Iaz sortutako egitasmoari jarraituz, Beasaingo Udalak eta Igartzako Kultur Mahaiak Mutur Beltz festaren bigarren edizioa antolatu dute, “beasaindarrok nor ginen eta nor garen gogoratzeko festa”. Lehenengo festan trenaren etorreraren 150. urteurrena hartu zuten aitzakitzat; aurten, Beasainek duela 400 eskuratu zuen hiribildu titulua du ardatz nagusia. Hain zuzen ere, gai honi lotutako
‘400 urte’ herri antzerkia estreinatu da gaur Usurbe Antzokian.
Baina biharkoa, irailak 26, izango da Mutur Beltz festaren egun nagusia. Ekitaldiak arratsaldetik aurrera burutuko dira, Gernika pasealekuaren inguruan. Haurrentzako ekintzak, kirola, herri afaria eta musika izango dira, besteak beste.
Festak igandean izango du jarraipena, tren bidaiarekin. Beasain eta Altsasu artean egingo da tren bidaia, 11:00etan hasita. Geldialdiak egingo dituzte bidean, besteak beste Ormaiztegiko tren zubia edo Oazurtzako tunela ikusteko. Altsasun hamaiketakoa egingo dute. Txartelak salgai daude tren-geltokian, 5 euroan.
Bestalde, asteburuan zehar herriko ostalariek Mutur Beltz festa honetarako prestatu duten pintxoa egongo da dastagai Basakana, Batzokia, Bideluze, Kuluxka, Ortzi, Plazape, Riojano eta Tti-tta tabernatan.
II. Mutur Beltz Festa. Egitaraua
Irailak 26
- 17:45: Musika Eskolako trikitilariek eta Ekaitz erraldoi konpartsak herriko haurrak lagunduko dituzte erromeri txikian. Plazatik geltokira.
- 18:00: Pregoia eta muralaren aurkezpena, Buztina-zeramika elkartearen eskutik. Gernika pasealekuko pilotalekuan.
- 18:30: Eskuzko pasakako ikuskizuna, Txost pilota taldearen eskutik. Gernika pasealekuko pilotalekuan.
- 18:30: Herri probakk eta 400 urte, Arrano kultur elkartearen eskutik. Barrendain plazan.
- 19:00: Bolatokia eta toka, Aldaberen eskutik.
- 19:00: Txalaparta tailerra, Tu Ku Tun Txalaparta taldearen eskutik.
- 19:00: Martin Karretarraren errekreazioa. Barrendain plazan.
- 20:00: Lekittoko Deabruak, Beasaingo joaldunak eta Orekan Bizi Naiz Kirol solas elkartearen arteko kale animazioa. Gernikako pasealekuan.
- 21:15: Afaria. Gernika pasealekuan.
- 23:00: Gozategi. Gernika pasealekuan.
Irailak 27
- 11:00: Bidaia gidatua trenez Beasain-Ormaiztegi-Altsasu-Ormaiztegi-Beasain.