Lau bertsolari goierritar ariko dira Gipuzkoako txapelketan asteburu honetan
Amaia Iturriotzek eta Nerea Elustondok Azpeitian dute final zortzirenetako saioa bihar arratsaldean; eta Aitor Irastortzak eta Gorka Azkaratek etzi, Lasarte Orian.
Bihar azpeitian jokatuko den kanporaketan Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Nahikari Gabilondo eta Unai Mendizabal izango dituzte aurkati Iturriotzek eta Elustondok. Saioa Soreasu antzokian izango da bihar, 17:30ean hasita. Iban Narbaizak egingo ditu aurkezle lanak, eta saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 1ean Ormaiztegin jokatuko den final laurdenetarako.
Irastortzak eta Azkaratek ere beste lau bertsolari izango dituzte oholtza gainean, lehiarako: Beñat Lizaso, Maider Arregi, Mikel Artola, eta Xabier Sukia. Etzi Lasarte-Orian jokatuko duten saioa Manuel Lekuona kultur etxean izango da, 17:30ean hasita. Igandean lehenengo sailkatzen denak azaroaren 8an Eskoriatzan jokatuko den final laurdenetako saiorako zuzeneko txartela irabaziko du. Imanol Artola izango da saioko aurkezlea.
Bost ariketa saio bakoitzean
Bihar Azpeitian eta etzi Lasarte-Orian lehaituko diren bertsolariek honako lanak egin beharko dituzte:
- Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
- Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso.
- Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
- Kartzelako lana: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.