Lazkaon nekazaritza azoka egingo dute igandean
Basherri Egunaren laugarren ekitaldia antolatu dute. Igandean izango da feria, plazako frontoian eta plazan, 09:00etatik 14:00etara. Lazkaoko baserrietako abere erakusketa, baserriko produktuen salmenta postuak, sukaldaritza saioa eta feria-giroa izango dira.
Plazako pilotalekuan bederatzi postu jarriko dituzte baserritarrek: barazkienak lau, haragiarenak bi, gaztarenak bi eta esnekiena bat. Pintxoak zuzenean prestatzeko sukaldea ere han izango da. Iker Markinez sukaldari beasaindarra arduratu da egunerako aho-gozagarri berezia sortzeaz. Mokadua eta sagardo basokada erosteko modua izango du jendeak.
Abere erakusketan frontoiaren eta ikastolaren arteko plazatxoan kokatuko dute. Behor, behi, txekor, asto, ardi, ahuntz, ahuntz nano, oilasko eta untxi aziendak ekarriko dituzte.
Lixiba egiten erakustaldia
Enparandegi baserrikoek Basherri Egun bakoitzean lanbide edo ohitura zaharren bat erakutsi ohi dute. Aurten, Juan Jose Garinek etxeko lixiba antzina nola egiten zen lezioa emango du. Arropa nola eta zerekin garbitzen zuten, alegia.