Martxan da Ordiziako X. Stock Azoka
Gaur goizean hasi eta bihar iluntzera arte, Ordiziako merkatariek kalera atera dituzte stockean dituzten janzkiak. Denboraldi amaierako produktuak deskontu handiekin lortzeko aukera izango da, plazan nahiz hainbat saltokiren atarietan jarri dituzten postuetan. Guztira herriko 23 komertzio ari dira parte hartzen X. edizio honetan. Gaur arratsaldean (17:00-20:00) eta bihar goizez (10:00-13:00) eta arratsaldez (17:00-20:00) egongo da irekita azoka.
Dagoeneko ondo errotuta dagoen ohitura dela azaldu du Ordizian Merkatari elkarteko Josune Intsaustik. «Tradizio moduko bat bihurtu da, urtero garai beretsuan egiten da eta jendeak ohitura hartu du». Merkatarientzat ere hitzordu garrantzitsua bihurtu da, denboraldi bukaeran stockean gelditu gabekoak saltzeko aukera ematen dielako.
Opari txekeen zozketa
Aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat, azokan bertan gastatzeko opari txekeen zozketa izango da. Hala, gaur erosketaren bat egiten dutenen artean, 100 euroko bi txeke zozkatuko dituzte, bihar, 12:00etan. Saridunek, horiek jaso eta bihar bertan erabili ahal izango dituzte.