Autoen abiadura moteltzea eta auzoari lasaitasuna ematea dira helburuak. Zozabarrotik udaletxerainoko zatia hartzen du proiektuak. Itsasoko plazan hiru etxebizitza eraikitzen hasi dira
Itsasoko plazan hondeamakinak hasita daude etxebizitzak eraikitzeko lanetan. / Arg.: Maialen Igartua
San Lutziko errepidean lanean hasiko dira laster. Errepidea estutuko dute, eta alboan bidegorria eraiki. Garikoitz Aiesta alkateak azaldu duenez, «Irizarreko biribilgunetik Ormaiztegira bitartean egin zenaren antzekoa izango da proiektua». Helburua autoak motelago pasatzea izango da, eta Santa Lutziko bizilagunei oinez zein bizikletaz ibiltzeko bide bat eskaintzea. «Santa Lutziko
gune urbanoari lasaitasuna eman nahi diogu».
Aldundiak egingo ditu Santa Lutziko lanak. «Aspalditik» datorren proiektua da Aiestaren esanetan, Beasain-Durango autobidea egin zenean ordain modura Aldundiarekin adostutakoa.
Zozabarroko biribilgunetik udaletxerainoko zatian egingo dituzte lanak.
Hiru fase izango ditu proiektuak, eta udazkenean bertan hasiko dira lehenengo fasearekin. Zozabarroko biribilgunetik hasi eta herri eskola berrirainoko lanak egingo dituzte lehenengo fasean.
Itsason hiru etxebizitza
Itsasoko plazak, bestalde, itxura berezia du irailaren hasieraz geroztik,
bota egin baitituzte eskola zaharra eta apaiz etxea. Azken urteetan ez dute erabilera zehatzik izan bi eraikin horiek, noizbehinka erakusketak edota unean uneko ekintza jakin batzuk egiteko erabili badira ere. Ostatua itxita egon den urtebetean, esaterako, eskola zaharrean eskaintzen zuten igande goizetako hamaiketakoa. Orain, berriz, hiru etxebizitza eraikiko dituzte.
Eskola zegoen partzela udalarena zen, eta kooperatiba bati saldu zion. «Kooperatiba hori da obrak egiten ari dena, eta, hain zuzen, udalarena zen partzelan eraikiko dituzte hiru etxebizitzak», azaldu du Aiestak. Apaiz etxea San Bartolome parrokiarena da oraindik, partzela ez baitu saldu parrokiak. Dena den, akordioa lortu dute parrokiaren lur eremua urbanizazioarako erabiltzeko.
Dagoeneko hondeamakinak hasita daude Itsasoko plazako hiru etxebizitzak eraikitzeko lanetan. Aiestak azaldu duenez,
sarrera plaza aldetik izango dute; garajerako sarrera, berriz, azpialdetik.
Itsasoko plaza, etxeak botata. / Arg.: Maialen Igartua