Buztingintza elkartekoek egindako murala erakutsi dute, eta Martina Irizar Igartzako errotariari omenaldi xume bat egin diote

Martina Irizar, ezkerretik hirugarrena, alkatearen hitzak aditzen. Arg. I. Gurrutxaga
Iaz
Muturbeltz festaren ardatz nagusia trena izan bazen, aurten Beasain Ordiziatik banandu zela 400 urte bete direla da festaren mamia. Atzo
400 urte antzezlana taularatu zen Usurbe antzokian, eta gaur, 18:00etan hasita, hainbat ekintza garatzen dira Gernikako pasealekuaren bueltan. Lehendabizi
Buztingintza elkartekoek 400 urteurrena oroitzeko egindako murala erakutsi dute, eta segidan,
Martina Irizar Igartzako errotariari omenaldi xume bat egin diote, eta lore-sorta bat jaso du Aitor Aldasoro alkatearen eskutik. Joko-zuzena edo pasaka modalitateko pilota partidak ere jokatzen ari dira, bolatokia eta toka gunea ere jarri dute eta Martin Karretarraren ibilerak gogoratuz, zalgurdi bat hara eta hona dabil.
Buztingintza elkartekoek egindako murala material ezberdinez egindakoa, gres naturala eta txuria, eta egurra uztartuz.
Honako esaldia geratu da idatzia horma-irudiaren eskuin aldean: “
Orain 400 urte ere, gure herria herritarrek egiten zuten. Gaur, inoiz baino gehiago, ginena gogoratu behar dugu izango garena errotzeko. Beraz, oroimen mural hau gaurko beasaindarrok orduko beasaindarroi eskaintzen diegu egindako ahalegina eskertzeko. Beasaina, 2015eko irailaren 26a“.
Festak iluntzean ere jarraipena izango du. 20:00etan, Kale animazioa izango da Lekittoko Deabruak, Beasaingo Joaldunak eta Orekan Bizi Naiz kirol solas elkartearen eskutik. 21:15ean afaria izango da, eta 23:00etan, Gozategi taldearen kontzertua.