1940ko hamarkadan Indarren lanean aritu ziren Joxe Apalategiri, Faustino Goitiari eta Kristobal Goikoetxeari omenaldia egin diete
Indarreko langile eta haien senideak, gaur, bazkaritako elkartu diren karpa erraldoian. Arg. I. Gurrutxaga
Sortu zeneko 75. urteurrena gogoratuz, hirugarren eta azken ospakizun egunean bete-betean murgilduta dabil Beasaingo Indar enpresa.
Ostegunean ekitaldi instituzionala egin zuten, atzo Langileen eguna, eta gaur familiei begirako ate irekien eguna ospatzen ari dira. Denera
2.000 lagun inguru elkartu dira Indarrek Txara industrialdean duen egoitzara. Eguneko une hunkigarriena 1940ko hamarkadan Indarren lanean aritu ziren
Joxe Apalategiri, Faustino Goitiari eta Kristobal Goikoetxeari egindako omenaldia izan da. Indarreko zuzendaritzako kideek plaka bana eman die, eta segidan ohorezko aurreskua dantzatu diete.
Goizean Indarren instalazioetara bisita gidatuak, toka eta igel txapelketa, umeentzako puzgarri eta tailerrak eta umeentzako atletismoa probak izan dira. Herri kirol erakustaldia ere izan da, eta jan-edanik ere ez da falta izan. 15:00ak izateko minutu gutxi falta zirela egin diete omenaldia hiru langile beteranoei, bazkaltzera inguratu diren 1.500 lagunen aurrean.
Arratsaldean, pailazoen emanaldia, umeentzako merienda, disko festa Oihan Vegaren eskutik eta alkoholik gabeko barra librea izango dira.