Lemniskata zientzia elkarteak antolatuta, Andres Urdaneta esploratzailearen inguruko bost hitzaldi eta erakusketa bat egingo dituzte urrian zehar.
Andres Urdaneta esploratzaile ordiziarraren inguruko hitzaldi zikloa antolatu dute Lemniskata zientzia elkarteak eta Ordiziako Udalak. Urrian zehar, gaia arlo ezberdinetatik jorratuko duten bost aditu gonbidatuko dituzte, eta erakusketa bat ere jarriko dute, Zumalakarregi Museoarekin elkarlanean. Urriaren 8an, 450 urte beteko dira Urdanetak Asia eta Amerika lotzen dituen pazifikoko bidea osatu zuenetik, eta aitzakia hori baliatu dute itsasgizon ordiziarraren bizitza, bidaiak eta gainontzeko aurkikuntzak aztertzeko.
Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkateak azaldu duenez, 2008an Urdanetaren urtea ospatu zuten, haren jaiotzaren 5. mendeurrena zela eta. Orain, bere bidaiarik ezagunenaren 450. urtemuga betetzen denean, «Lemniskatak mahai gainean jarritako aukera aprobetxatu» nahi izan dute, «hain gertu baina hain urrun dugun pertsonaia hau hobeto ezagutzeko».
Bere aldetik, Lemniskata elkarteko Jose Luis Etxezarretak, «zientziaren eta jakintzaren arloan» mugitzen den heinean, urteurren hau «aukera ezin hobea» zela azaldu du, itsasgizon honen inguruan gehiago jakiteko. 2008ko kongresua «oso gertu» badago ere, oraingo honetan «beste ikuspegi bat bilatzen» saiatu direla dio. Hala, gonbidatu dituzten bost adituen bidez, Urdanetaren eta beren bidaien historiaz gain, ontzigintza, kartografia eta biologia aztertuko dituzte, besteak beste.
Bost hitzaldi eta erakusketa bat
Aurreneko hitzaldian, Ordizian ezaguna den Jose Ramon de Miguel merkataritza ontziko kapitaina gonbidatu dute. Urteak daramatza Urdanetaren bizitza eta ibilbideak ikertzen, eta 2008an ere izan zen Ordizian. Etzi, Urdaneta y el Tornaviaje hitzaldia egingo du, 19:00etan, Barrenan.
Carlos Pedros Alio biologoak (urriak 9), Albaola fundazioko Xabier Alberdik (16), Elhuyar fundazioko Guillermo Roak (23) eta Raul Ibañez matematikariak (30) osatuko dute zikloa. Jardunaldi horien osagarri moduan, Le Tour du monde. Esploratzaileak XIX. Mendean erakusketa ere jarriko dute, Zumalakarregi Museoarekin elkarlanean.