Herri giroko festak, Altzagakoak
Herri txikiek jende emaria erakarri nahi —eta behar— izaten dute, askotan. Festak “arrakastatsu” izateko, bisitari kopuruan neurtu ohi da, askotan. Baina bada beste neurgailu bat: herritarren parte-hartzea, presentzia eta elkartoki funtzioa betetzen ote den. Altzagan, asteburuan eta atzo ospatu ziren San Migel jaietan, bat batetik eta bai bestetik, asmatu dute.
Ostiralean hasi ziren jaiak. Altxorraren bila jokoan, herritarrentzat pentsatua, giro bikaina izan zen. VII. Patata-tortilla lehiaketaren barruan, aurten lehenengo aldiz Master Kids pintxo txapelketa ere egin zuten. Herritarrek erantzun zuten. Haurretan, Maren, Garazi eta Maddi izan ziren irabazle; helduetan, Iñaki eta Mikel. Afari-merienda egin zuten altzagarrek gero, tortillekin eta pintxoekin.
Herrien arteko demak ere izan zituzten. Aurreneko aldiz, hainbat herritako txapelketetan sailkatu diren Aramako eta Altzagako herritarrek parte hartu zuten, derbian. Altzagakoak nagusitu ziren bi partidetan. Ainara, Lurdes, Iker eta Mikel izan ziren txapeldun.
Larunbatean, haurrentzat puzgarriak eta jolasak jarri zituzten. Herri afarian 120 lagun elkartu ziren.
Igandean, herri kirol erakustaldiak jende asko erakarri zuen. Herriko gazteak antolatu dira aurten, aurreneko aldiz, kirolak egiteko. Ez zituzten nolanahiko maisuak ekarri: Azurmendi, Olasagasti…
Asteburu “itzela” pasatu dutela aitortu dute altzagarrek. “Benetan eskertzekoa da herritarrek festak ospatzeko azaldutako gogoa”.