24 elkartek parte hartuko dute; Alkoholiko Anonimoei aitortza berezia egingo diete
Urriaren 3an, igandearekin, XIV. Boluntario Eguna egingo dute Beasainen. Oraingoan 24 elkartek parte hartuko dute eta Alkoholiko Anonimoak Elkarteari aitortza berezia egingo diote.
Elkarte zein talde hauek guztiek modu batera edo bestera beasaindarren bizitza kalitatea hobetzeko lana egiten dute Beasainen. Datorren igandeko Boluntario Egunean egiten duten lana erakusteko baliatuko dute, baita boluntarioak erakartzeko ere.
Gernika pasealekua egunaren gune nagusia izango da. 10:00etatik 14:00etara nork bere postua jarriko du. Postuetan elkarte bakoitzari buruzko informazioa banatuko dute eta batean edo bestean ekintza osagarriak ere izango dira aukeran. Esate baterako, Minbiziaren Aurkako Elkartearen postuan txapak egingo dituzte; Herriak Elkarlanean erakundearen postuan bidezko merkataritzako produktuak salgai jarriko dituzte; Haurralde fundazioak tonbola jarriko du eta emakumeen eskubideen aldeko photo call-a egingo du;
Proyde Proega erakundeak joko kooperatiboak egingo ditu.
Boluntario Egunari gatza eta piperra jarriko dio elkarteen arteko patata tortilla lehiaketak; 12:30ean hasiko da. Horrez gain, puzgarriak ipiniko dituzte pilotalekuan eta Musika Eskolako trikitilariak arduratuko dira goizari doinua jartzeaz. Euria eginez gero, plaza azpian egingo da festa.