Larunbatean hasiko da Beasainen Amagandiko Edoskitze Astea
Amagandiko edoskitzea eta seme-alaben errespetuzko haziera babesten duen Irriargi elkarteak larunbaterako, urriak 3, antolatu duen Edoskitze Festarekin abiatuko da Amagandiko Edoskitze Astea. Festaz gain, urriaren 4tik 18ra erakusketa bat zabalduko dute; urriaren 7an hitzaldi bat izango da; eta urriaren 14an eta 28an tailerrak egingo dira osasun-zentroan.
Loinazko San Martin plazan izango da Edoskitze Festa, goizez, 10:30etik 13:30era. Postuak, haur-jolasak, bular-emate kolektiboa eta argazki erakusketa izango dira. Goiz berean jakinaraziko dituzte gainera Amagandiko Edoskitzearen III. Argazki Lehiaketaren irabazleen izenak. Lan horiekin erakusketa bat zabalduko dute Igartzan urriaren 4tik 18ra. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta asteburuetan goizez (11:00-14:00) eta arratsaldez (18:00-20:00).
Hitzaldia eta tailerra
Urriaren 7an, 19:00etan, Sabeletik Mundura elkarteko Nahia Alkortak Edoskitzea eta lana nola egin bateragarri hitzaldia egingo du Igartza jauregian. Haurrekin joan daiteke bertara. Eta urriaren 14an eta 28an, biak asteazkenak, Edoskitzean amarengandik amarenganako laguntza taldearekin tailer bat egingo dute osasun zentroan, 17:00etatik 19:00etara.