Erabakitzeko eskubidea hizpide, bete egin da Beasaingo Usurbe Antzokia
Harrera beroa izan du Gure Esku Dago dinamikak, Agirre Lehendakaria Center fundazioak eta Beasaingo Udalak antolatuta Beasainen egin duten mahai-inguruak. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Jose Manuel Castells zuzenbideko katedraduna, Angel Oiarbide Gure Esku Dagoren bozeramailea eta Ixabel Olano ikastolako andereñoa izan dira hizlariak.
Ibarretxe izan da hitza hartzen lehena, eta besteak beste kultura izan du hizpide, eta esan du “kultura desagertzen bada, nazioa edo dena delakoa” ere desagertu egingo dela. Horregatik, Euskal Herria munduan kokatzeko beharra azpimarratu du, baina tokian tokian lan egin behar dela esanez, “erantzun lokalak” emanez: “Mundu globalean, erantzunak lokala izan behar du”. Quebec, Eskozia… izan ditu gogoan Castellesek eta esan du “XXI.mendean aldakera erabakiorrak” gertatzen ari direla, “atzera bueltarik gabeak”.
Gure Esku Dagoen bozermaile Oiarbide idiazabaldarra izan da hitza hartzen hirugarrena. Sustraietara egin du hasieratik, Gure Esku Dagoen sorrera eta bilakaera prozesua gogoraraziz: Idiazbalgo herri kirol taldea, Igartzako manifestua, Itsasondo, Gazta Zati Bat… Dinamikak Goierrin hasitako bidea eta dinamikak izan duen bikaera azaldu ditu, Gure Esku Dago zer den eta dituen helburuak gogora ekarriz.
Ixabel Olano andereñoaren hitzekin amaitu da mahai-ingurua. Beasainen ikastolaren sorrera nola gauzatu zen kontatu du, eta gustura entzun dio jendeak, orduko kontakizunen protagonista ugari aurrean zituela. Oiarbide bere ikasle izan zela kontatu du Olanok. Jendeak txaloz eskertu du andereñoaren parte hartzea, eta Olanok ere eskuak astintzen zituela bukatu da ekitaldia.
Mahai-inguruaren jarraipen osoa egin du Goierriko Hitzak twitterren, hizlarien hitzak zabalduz.