Errigora egitasmoaren kanpaina berria urriaren 21etik aurrera hasiko da
Azken urteetan izandako harrera onaren ondoren, hirugarren aldiz egingo dute aurten Errigora egitasmoa. Nafarroako Erriberako euskarazko irakaskuntza laguntzea, eta bide batez bertako nekazaritza bultzatzea du helburu proiektuak. Udazken honetako kanpaina, urriaren 21etik azaroaren 8ra bitartean egingo dute.
2013an egin zuten aurrenekoz, eta emaitzak onak izan baziren ere, iaz zabalkunde eta gorakada handia izan zuen. 3.000 etxetara banatu zituzten proiektuak, eta guztira, 90.000 kontserba ontzi baino gehiago banatu zituzten, aurreko urtearekiko %80ko igoera lortuz. Olio kanpaina berriz, %50 igo da aurten.
Errigora egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez, «kontsumitzaile arduratsu askok errepikatu» izana da garrantzitsua. Parte hartzen duen ekoizle kopurua ere bikoiztu egin da lehen urtetik hona. Horrekin batera, herriz herri eta auzoz auzo osatu duten Errigoraren Sarea azpimarratu dute. Goierriko ordezkariek azaldu dutenez, datozen asteetan emango dute aurtengo kanpainaren berri.