Juan Mari Aldanondo: «New Yorken korrika egitea baino gauza handiagorik ez dago»
Juan Mari Aldanondok (Urretxu, 1953) New Yorkeko maratoian parte hartuko du azaroaren 1ean. Korrikalari hau oso ezaguna da Goierrin, eskualdeko lasterketa ia guztietan parte hartzen baitu. Nolatan korrikalari? Ez nintzen
Juan Mari Aldanondok (Urretxu, 1953) New Yorkeko maratoian parte hartuko du azaroaren 1ean. Korrikalari hau oso ezaguna da Goierrin, eskualdeko lasterketa ia guztietan parte hartzen baitu.
Nolatan korrikalari?
Ez nintzen batere kirol zalea. 43 urterekin hasi nintzen korrika egiten, Behobia-Donostia proba prestatzeko. Poxpoloren bitartez hasi nintzen. Lotoa egitera joaten nintzen bere estankora eta Behobia-Donostian izena ematea proposatu zidan. «Zergatik ez?», esan nion. Pixka bat entrenatu eta ordu bete eta 49 minututan egin nuen. Ondoren, inguruko lasterketa guztietan parte hartzen hasi nintzen.
Beteranoen munduko txapelketan ere parte hartu duzu.
2005an beteranoen munduko txapelketa antolatu zuten Donostian eta nik maratoian parte hartu nuen. Ordutik, beste bost aldiz parte hartu dut munduko txapelketan: 2007an Italian, 2009an Finlandian, 2011n AEBtan, 2013an Brasilen eta 2015ean Frantzian.
Inguruko makina bat lasterketatan ere parte hartu duzu.
Goierriko lasterketa guztietan parte hartzen dut. Urte batean, 36 proba egin nituen. Ni izan nintzen lasterketa gehien egin zituen beteranoa eta sari bat eman zidaten Donostian. Garai batean bi egunetan jarraian lehiatzeko gai nintzen eta hiru maratoi egin nituen urte berean. Behobia-Donostia lasterketan hamabi bat aldiz parte hartu dut eta hamabost bat maratoi egin ditut. Gasteizko Martin Fiz maratoian, adibidez, hiru aldiz parte hartu dut. Nire marka 3 ordu eta 38 minutukoa da. 2003an egin nuen, nire lehen maratoian, Donostian. Herrian ez zuten uste bukatuko nuenik eta egutegiak atera nituen, helmugako argazkiarekin, sinesten ez zidatenei emateko.
New Yorkeko maratoian parte hartu behar duzu.
Bertara joateko marka ona behar zela uste nuen, baina Idiazabalgo lasterketan Martin Fizekin hitz egin nuen eta bere agentziarekin joatea eskaini zidan. Korrikalari batentzat, New Yorkeko maratoian parte hartzea baino gauza handiagorik ez dago. Iaz 50.000 lagunek parte hartu zuten. Zubia igarotzea sekulakoa izango da. Gainera, New York Knicks saskibaloi taldearen partida bat ikustera joan behar naiz.
New Yorketik itzulitakoan, zer egingo duzu?
Behobia-Donostian parte hartuko dut. Eta abenduan Malagara (Andaluzia, Espainia) joango naiz bertako maratoia egitera. Beteranoen munduko txapelketa Australian da eta hara ere joango naiz, beharbada.