Monozikloz Herrira egitasmoa Mauleraino iritsi da
Monozikloz Herrira ekimenak euskal hiriburu guztietara zabaldu nahi du sakabanaketaren kontrako aldarria. Asteburuan, 145 kilometro eginda, Donibane Garazira eta Maulera iritsi dira Jon Lekuona eta Beñat Otegi ordiziarrak.
Igande goizean ekin zioten bidearen azken zatiari, Donibane Garazitik Maulera artekoari, alegia. 08:30ean abiatu ziren Behe Nafarroatik, eta 14:00ak aldera iritsi ziren Zuberoako hiriburura. Azken zati honetan «euri pixkat bat» egin bazien ere, orokorrean gustura daude bidearekin eta eguraldiarekin.
Bidean zehar topo egiten zuten jendearen artean harridura sortzen zutela azaldu du Otegik. Baina babesa ere agertu zien batek baino gehiagok. «Jende askok animatu egiten gintuen bide bazterretik. Txirrindulari batek gurekin igo zuen portu bat, animoak emanez eta zenbat falta zitzaigun esanez».
Euskal preso politikoen dispertsioa salatzeko asmoz jarri zuten martxan Monozikloz Herrira egitasmoa, 2013an. Jon Lekuona Leku ordiziarrak, bere jaioterria eta Iruñea lotzen zituen bidea egin zuen aurrena. Geroztik, beste bi bidaia egin ditu, Beñat Otegi lagun duela, bata Gasteizera eta bestea Bilbora. Hura zen orain arte egindakoetan luzeena (100 km).
Ibilbide bakarra falta
Hasierako asmoa betetzeko bidaia bakarra falta zaie dagoeneko. Beñat Otegik azaldu duenez, orain «Baiona eta Donostia lotu nahi ditugu, bidaia bakar batean». Oraindik datarik finkatu ez badute ere, «ahalik eta azkarren» egin nahi dutela dio, «azaroan edo urtea bukatu aurretik behintzat bai».












