Legazpiko Zero Zabor taldeak 2013an egindako agerraldia
Legazpiko Zero Zabor taldeak harridura eta kezka agertu ditu, herri horretan hondakin sistemaren gainean egin nahi den galdeketa dela eta. Hasteko, edukiontzi grisa jartzeko erabakiaren berri «prentsaren bidez» izan dutela salatu dute, eta ez dutela «erabaki hori hartzeko erabilitako txosten teknikorik» jaso. Hala, zalantza agertu dute galdeketa antolatzeko lantalde horretan «egingo den galdera adosteko» aukera izango ote den, edota errauskailuari buruz ere galdetuko ote duten.
Zero Zabor taldeak harriduraz jaso zuen galdeketa prestatzeko lantaldean parte hartzeko gonbitea, baina «orain arteko jarrera ez boikoteatzaile eta eraikitzailearekin jarraituz» lehen bilerara joatea erabaki zuten. Lantaldea osatzeko prozedura, ordea «ez da batera objektiboa» taldearen ustetan. Izan ere, herri hainbat talde «kanpoan» utzi dituzte, tartean Gazte Asanblada, gaztetxea eta hainbat auzo elkarte.
Galdeketaren inguruko informazioa azaltzeko garaian, «Telleriarte eta Brinkolako herrikideek parte hartzeko aukerarik ez» dutela izango azaldu zieten. Zero Zaborren ustez, «legazpiar guztiek bozkatzeko aukerarik izango ez luketen galdeketa» ez litzateke demokratikoa izango. Galdeketa Eguberriak baino lehen egiteko epea «laburregia» dela deritzote, haien ustez, «bi sistemen emaitzak konparatu ahal izateko gutxienez sei hilabete» beharko bailirateke.
Loteslea den zehazteke
Galdeketaren inguruko lantaldean, herri galdeketa hori loteslea izango ote den galdetu zuen Zero Zaborrek, baina «alkateak ez du jakin zer erantzun». Parte-hartzea edo abstentzioa kontuan hartuko ote duten ere ez zieten argitu. Udalak galdeketaren ardura «boluntarioen esku» uztea ere zalantzan jarri dute; «loteslea izango litzatekeen galdeketa bat alde batean posizionatutako boluntarioen esku» uztea ez baitzaie serioa iruditzen. Hain zuzen ere, Koldobide Olabide egungo alkateak «atez ateko bilketa sistemaren aurkako boikot deialdia» egin zuela gogorarazi dute, eta «gaur egun, alkate izanda, ez da gai izan boikot deialdi hori ezeztatzeko». Hala, alkatea «udal ordenantzak errespetatu gabe» aritzeak «auzo lotsa» ematen diela azaldu dute.
Edukiontzi grisa jartzeko modua ere kritikatu du Zero Zabor taldeak. «Alde bakarretik» hartutako erabakia izan dela diote, «Hondakinen Jarraipen Batzordeari aurrez inolako informazio eta argibiderik eman gabe». Gainera, udalari, «edukiontzi grisaren proba garaian zintzilikarioak libre eta garbi uzteko» eskatu diote, atez atekoarekin jarraitu nahi dutenentzat.
Galdeketa honetatik atera daitekeen sistemaren emaitzak «orain arte lortutakoak baino askoz okerragoak» izan daitezkeela ohartarazi dute, eta «atzerapauso ikaragarria» litzatekeela egungo %80ko bilketa tasatik behera jaistea.