Neguko loreen garaia ailegatu da, eta aukera zabala egon da ferian. Valentziatik zuzenean ekoizleak ekarritako mandarinen salmenta ere hasi da.
Lehen bruselazak, atzo, Baliarraingo Edurne Jauregiren postuan. Arg. Lierni Elortza
Jaki mota zabala ez ezik, beste hamaika tentazio izaten da aukeran asteazkenero ferian; Arboladian dela, Beti Alai pilotaleku ondoan edota Plaza Nagusian bertan, loreak esate baterako. Negukoen garaia iritsi da, hala nola ziklamena, azalea, pentsamendua, biola, kukupraka, txilarra… salgai zeuden. «Hemendik aurrera
beroak galtzeko arriskutik kanpo egongo dira dena normal badoa», aipatu dute lorezaleek.
Barazkiei dagokienez, bruselazak hasi dira, 5 euroan kiloa. Jubile izeneko sagar gazi gozoa aukeran(2,60 euro kiloa), eta oraindik punturik onenean ez badaude ere,
errezil sagarrak ekartzen hasi da Joxe Luis Aizpuru errezildarra: «Santu Guztien inguru horretan errezil sagar errea izaten zen postrerik estimatuena. Oraindik justu ekartzeko lain biltzen dut arbolatik, hemendik aurrera gozatuko dira eta».
Irasagarra geroz eta arbola gutxiago ikusten dela esango genuke, eta dultzea egiteko lana berriz geroz eta gutxiagok hartzen badute ere,
irasagar fruitua hiru bat postutan ikusi dugu salgai. Dultzea egin duenik ere bada. Arantxa Zurutuzak intxaurrak ere nahastu dizkio, 8-9 euroan kiloa, eta 4 edo 5 euroko proportziotan salgai da.
Piper «gutxi eta garesti»
Irudiz piper aukera handirik ez da aurten izango; «gutxi eta garesti» aipatzen dute saltzaileek. Izan ere, Almeria aldean irailaren hasieran uholdeak eragindako kalteen ondorioz askoz gutxiago etorriko da inguru hartatik. Hori dela eta, eskaria handitu zaienez, Errioxa eta Nafarroakoak garestiago salduko dira:
1,25 eta 1,65 euro artean kiloa, eta kaxaka erosita oraingoz.
Mikologia atalean garai honetako ohiko onddo, zizahori eta esnegorriei ziza perretxiku beltza (Craterellus cornucopioides) gehitu zitzaizkien atzo.
Valentziako mandarinak
Ez da gure ingurua zitriko hauen ekoizpen handiko tokia, gertuenekotara joz Valentziaraino iritsiko ginateke. Ordizira, aldiz, Juan Carlos Costa etortzen da astero, asteartea eta larunbata bitartean beraien mandarinak eta naranjak saldu ohi ditu saioan. Atzo hasi zen Valentziatik ekarritako lehen mandarinak
zuzenean saltzen: «Laranjak heltze puntu egokira iristeko oraindik bizpahiru aste itxoin beharko da», adierazi du. Goen plazan egongo da asteazkenero, eta ostiral arratsaldeetan Plaza Nagusian ikusiko dugu.
Ordiziako azokaren
prezioak (2015-10-07)