Bertsolari goierritarrek bihar eta etzi dituzte Gipuzkoako txapelketarako kanporaketak
Aratz Igartzabal
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan lehian ari diren 43 bertsolarietatik, bederatzi dira Goierrikoak: Amaia Iturriotz, Aitor Irastortza, Gorka Azkarate, Iban Urdangarin, Nerea Elustondo, Iñaki Apalategi, Aratz Igartzabal, Gemma Urteaga eta Antton Fernandez. Lehenengo bostek jokatu dute dagoeneko final zortzirenetako beren txanda, eta Elustondok bakarrik lortu du final laurdenetarako txartela. Iturriotzek azken saioetako puntuaketen menpe dauka pasea. Apalategi, berriz, zuzenean joango da final laurdenetara, aurreko txapelketan finalean aritu zelako. Igartzabal, Urteaga eta Fernandez falta dira. Hiru bertsolariak asteburu honetan arituko dira hurrengo fasera pasatzeko txartelaren bila, final zortzirenak amaitzeko falta diren bi saioetan.
Bihar, Aratz Igartzabal gabiriarraren txanda izango da. Eneritz Artetxe, Haritz Casabal, Egoitz Eizagirre, Iñaki Gurrutxaga eta Felix Zubiarekin batera jardungo du bertsotan. Saioa Arrasaten izango da, Amaia antzokian, 17:30ean hasita.
Igandean, berriz, Gemma Urteaga beasaindarraren eta Antton Fernandez urretxuarraren txanda dator. Hauek, Ibai Esoain, Jokin Uranga, Asier Azpirotz eta Unai Gaztelumendi izango dituzte aurkari. Andoainen egingo da saioa, Bastero kultur aretoan, 17:30ean.
Antton Fernandez
Gemma Urteaga