Azurmendi ezinean aritu da eta Aitzol Atutxak jantzi du txapela, bigarren urtez
Basauriko finalean bigarren txapela jantzi du Aitzol Atutxak, hurrengo sailkatuari 4 minutuko aldea aterata. Gerriko mina dela eta, Azurmendik ez du egun ona izan, eta laugarren egin duAitzol Atutxak bigarren urtez jarraian irabazi du Euskal Herriko Ai...
Basauriko finalean bigarren txapela jantzi du Aitzol Atutxak, hurrengo sailkatuari 4 minutuko aldea aterata. Gerriko mina dela eta, Azurmendik ez du egun ona izan, eta laugarren egin du
Aitzol Atutxak bigarren urtez jarraian irabazi du Euskal Herriko Aizkora Txapelketa. Jaun eta jabe izan zen atzo, Basaurin (Bizkaia) jokatutako finalean, eta lau minutuko aldea atera zion bigarren gelditu zen Jon Irazuri. Txapela urruti ikusita, bigarren posturako lehian aritu zen Iñaki Azurmendi, baina Arriarangoak ez zuen egun ona izan. Gerriko minarekin arazoak izan zituen, eta ezin izan zion hasierako erritmoari eutsi. Azkenean laugarren bukatu zuen.Hasieratik kolpe biziarekin ekin zion Atutxak eta seigarren enborrerako egin beharreko lanen erdia, ia bi minutuko aldea ateratzen zien bigarren posturako lehian ari ziren aizkolariei. Izan ere, hor egon zen norgehiagokarik biziena; Azurmendi, Olasagasti eta Irazu paretsu aritu ziren lehia osoan. Lan erdietatik aurrera, aurrea hartu zuen Azurmendik, baina juxtuan aritu zen, eta bukaera alderako behera egin zuen.
Apal-apal eta behetik gora joan zena Jon Irazu izan zen. Erritmoari eutsi egin zion, eta azkenean bigarren bukatu zuen. Atutxak baino lau minutu gehiago behar izan zituen. Olasagasti eta Azurmendi paretsu aritu ziren, baina azkenean 22 segundoko aldea atera zion Igeldokoak, podiumean sartuta. Azurmendik berriz, laugarren egin zuen; Olasagastik baino 22 segundu gehiago behar izan zituen, eta Atutxak baino 5:44 gehiago.
Aitzol Atutxa gustura agertu zen txapela lortu berritan. Dimakoak «hasieratik ondo» aritu zela azaldu zuen, bere erritmoan, eta lehen enborretan lortutako aldea «nahikoa» izan zuela lasai aritzeko. Azurmendi ezinean aritu zen atzo. Gerriko minez ibili da Arriarangoa, eta ez da finalera bete-betean iritsi. Atzo ere, gerriari helduz eta buruarekin ezezko keinuak egiten aritu zen.
Azken hiru urteetan, bi aizkolari horien arteko lehiak markatu du Txapelketa Nagusiaren nondik norakoa. Azurmendik 2011n jantzi zuen aurreneko txapela, baina 2013an, Atutxa gaztea izan zuen lehiakiderik gogorrena, Elgoibarren jokatutako finalean. Bizkaitarrak hurrengo urtean hartu zion errebantxa, non eta Beasainen, Azurmendiren jaioterrian irabazita. Aurtengo lehiari begira ere, bi aizkolari horien arteko lehia espero zen, eta ikusgai zegoen Olasagastik eta Irazuk zer egingo zuten.
Iaz bezala, aurten ere, gainontzeko aizkolariekin alderatuta koxka bat gorago dagoela erakutsi du Aitzol Atutxak, ondo merezitako txapela jantzita.