Asier Altunak ‘Amama’ pelikula aurkeztuko du Legazpin, ostiralean
Bigarren urtez jarraian, euskarazko pelikula batek Donostiako Zinemaldiko sekzio ofizialean parte hartu du. Donostian aurkeztu ondoren, Asier Altuna bergararraren Amama filma herrietara iritsiko da asteburu honetan. Goierrin, Beasainen, Legazpin eta Zumarragan emango dute. Legazpiko ostiraleko emanaldia berezia izango da, Altunak parte hartuko baitu.
Legazpin ostiralean (22:15), larunbatean (22:15) eta igandean (19:30) emango dute Amama. Legazpiko zine jarduera oso berezia da, herritar talde bat arduratzen baita emanaldi guztietaz: zinekluba, zine komertziala eta haurrentzako pelikulak. Enpresek Legazpiko zine aretoan lan egin nahi ez zutelako hartu zuten ardura.
Zine zale talde hau Javier Arrietak, Maria Jesus Auzmendik, Jaione Mujikak, Arturo Mariscalek eta Maria Anjeles Etxanizek osatzen dute. Beraiek arduratzen dira pelikulak ekartzeaz eta iragartzeaz.
Zine zale sutsuak direnez eta udalaren helburua dirua irabaztea ez denez, kalitatezko pelikulak bakarrik ekartzen saiatzen dira. Eta euskal zinea bultzatzen dute, noski. Euskal zinemagile batek fime bat egiten duen bakoitzean, bai pelikula eta bai zuzendaria Legazpira ekartzen saiatzen dira.
Zinema zale hauen lanari esker, legazpiarrek Bertsolari, Zaintzaileak, Loreak, Asier eta biok pelikulak herrian bertan ikusi ahal izan dituzte eta baita zuzendari eta aktoreekin hitz egin ere.
Altuna bigarrengoz etorriko da Legazpira, oraingoan Amama pelikularekin. Bergararrari asko gustatzen zaio zaleekin hitz egitea. «Pelikula baten prozesuan ikusleen erantzuna oso garrantzitsua da eta erantzun hori zuzenean jaso ahal izatea gauza ederra da. Bertsolari dokumentalarekin ere Legazpin egon ginen. Oso ondo hartu gintuzten eta oso gustura joaten gara bertara».
Altunak legazpiarrak Amama ikustera gonbidatu ditu. «Pelikula honek pantaila handian ikustea merezi du. Istorioa potentea da eta irudiak eta musika oso ederrak dira. Ikusleak hunkituta irteten ari dira zine aretoetatik».
Gainera, Legazpiko bost zinema zaleen ahaleginak erantzun ona merezi duela uste du. «Zinea maite dute eta herriaren alde lan egiten ari dira. Esker ona adierazteko modu onena, zinemara joatea da».
Bergarako zuzendaria, Legazpitik Erromara (Italia) joango da. «Hilaren 21ean Amama Erromako zine jaialdian aurkeztuko dugu. 26an, berriz, Montpellierrera (Frantzia) joango gara. Momentu polita bizitzen ari gara», amaitu du.