Bildutako dirua Aspanogi elkartearentzat izango da.
Ordiziako D’Elikatuz zentroa sortu zeneko 10. urteurrena ospatzen ari da, eta ekitaldi horien barruan, jaialdi solidarioa egingo dute ostiral honetan. Gastronomia eta turismo arloko hainbat eragilek parte hartuko dute. Jaialdia Ordiziako plaza nagusian izango da, 18:00etan hasi eta 20:30era bitartean. Bildutako dirua Aspanogi minbizia duten haurren guraso elkartea laguntzeko erabiliko dute.
Leire Arandia D’Elikatuz zentroko arduradunak azaldu duenez, «Goierriko ikastetxeen arteko pintxoen lehiaketa» egiten ari dira, eta ostiral honetan, finala jokatuko dute. Bertako produktuekin osatutako pintxoak prestatuko dituzte, eta gero euro batean jarriko dituzte salgai. Idiazabal Gaztaren kofradiak ere bere postua izango du, eta gazta pintxoak salduko dituzte, helburu berarekin. Aspanogi elkarteak ere izango du bere postua.
Lehiaketarako sukaldeak plazaren erdigunean kokatuko dituzte, eta haien inguruan, hainbat karpa eta mahai egongo dira. Horietan, Goierriko museoetako ordezkariak izango dira, umeentzako tailerrak egiten.
Beste partehartze berezi bat ere izango dute festan, Arandiaren arabera. «Asteburuan Ordiziarrock jaialdia ospatuko denez, haiek ere parte hartu nahi izan dute, eta sortu duten Egurrock garagardo marka probatzeko aukera izango da».
Azkenik, D’Elikatuz zentroak berak, azken 10 urteotako ibilbidea laburbiltzen duen bideoa eskainiko du, plazan jarritako pantailan.