Errepublikako lehen alkatearen semea Legazpira etorri da
Daniel Aranguren, Erreizabal baserriko semea, Legazpiko alkatea izan zen Errepublika garaian. Gerra hasi zenean, ihes egin behar izan zuen eta Kuban amaitu zuen. 1940an emaztea, Emilia Etxeberria mutiloarra, elkartu zitzaion. Han hil ziren biak. Beraien semeetako bat, Daniel bera ere, Legazpin da egunotan. Udalak harrera egin dio.
Harrera ekitaldian Koldobike Olabide alkateak eta Javier Iraeta, Iñigo Imaz eta Oscar Valbuena zinegotziek eta Arangurenen senitartekoek parte hartu dute.
Alkateak bere aita alkate izendatu zuten osoko bilkurako aktaren kopia bat eta Jose Mari Urtzelaik Legazpiko historiari buruz idatzitako liburua oparitu dizkio. Gainera, liburu honetako parrafo bat irakurri du. Bertan, Aranguren alkate izan zen bi urteetan udalak oso lan ona egin zuela esaten da.
Legazpira bisitan etorri den semea, Daniel Aranguren Etxeberria, ingenieria da lanbidez eta La Habanako Euskal Etxeko lehendakari ordea da. Eusko Jaurlaritzak antolatu duen euskal kolektibitateen kongresura etorri da eta astebete emango du Euskal Herrian. Erreizabalen egon da, noski, eta baita Arantzazun ere. Gaur Loiola bisitatu du.