Urriaren bukaeran hasi eta Eguberrietan amaituko da.
Plazako dantza ikastaroa eskainiko dute Beasainen.
Beasaingo Ostadar dantza taldeak plaza dantzen inguruko ikastaroa antolatu du. Ikastaroan parte hartzeko adin muga jakinik ez badago ere, batez ere helduei zuzendutako ikastaroa da. Ostadarretik jakinarazi dutenez, ikastaroaren helburua plaza dantzak irakastea eta dantza horien inguruko azalpenak ematea izango da.
Zortzi-bederatzi asteko ikastaroa izango da, urriaren bukaeran hasi eta Eguberriak ingurura arte. Dena den, ikastaroa luzatu daiteke parte hartzaileek horrela eskatzen badute.
Astean ordubeteko saioa
Izena emateko epea hilaren 19an bukatuko da eta izena ematen dutenen artean erabakiko dute ikastaroa zein egunetan eta ordutan egingo duten. Lau aukera daude, astearteetan edo asteazkenetan, 19:00etan edo 20:00etan. Ordubeteko saioak izango dira eta Ostadarren egoitzan emango dira eskolak. Izen ematea Izena emateko lau bide zehaztu ditu Ostadarrek: posta elektronikoz ostadardt@gmail.com; telefonoz edo Washapez, 610 873 811; Facebook eta Twitter sare sozialen bidez; edo Ostadarren lokalera joanez (Oriamendi, 10).