Udal gobernuaren jarrera "antidemokratiko eta autoritarioa" salatu dute EH Bilduk eta Ordizia Orainek
Ordiziako EH Bildu eta Ordizia Orain alderdiak elkarrekin agertu dira gaur prentsaren aurrean, udal gobernuaren “jarrera arduragabea, antidemokratikoa eta autoritarioa” salatzeko. Plenoa grabatzeko baimena ukatu izana eta informazio falta ere salatu dute, eta “parte hartze dinamikak, partehartzerik gabe” sustatu nahi izana egotzi die udal gobernua osatzen duten alderdiei. Hondakinen inguruko galdeketari buruzko puntua ere “presaka, interesatuki eta adostasunik gabe” sartu izana leporatu diote udal gobernuari.
Pasa den osteguneko osoko bilkuraren harira egin dute agerraldia; bilkura hori, irailaren 24an egitekoa bazen ere, hamabost egunez atzeratu zen, eta udal gobernuak “soldatapeko hiru langile dituen arren”, ikasturte politikoko lehen plenoa “garaiz eta modu serioan” antolatzeko gai ez direla izan azaldu dute. Horrez gain, gainontzeko alderdiek plenoko gaien inguruko “informazio falta” izan dutela salatu dute. Ordizia Orain taldeko zinegotzi baten dimisioak “bilkuraren korrelazioa aldatu” egiten zuela jakinda, EAJk eta PSE-EEk “adostu gabeko puntuak” sartu zituztela eta horietako bat “alkatearen kalitatezko bozka” erabiliz onartu zela ere azaldu dute.
Hondakinen galdeketa
Osoko bilkura horretan onartu zen mozioetako bat, hondakinen bilketa sistemari buruzko galdeketarena izan zen. “EAJk korrika eta presaka loteslea izango den galdeketa” lotu nahi izan duela azaldu dute, “inolako azalpenik eman gabe eta alderdion eskaerei muzin eginda”. EH Bilduk eta Ordizia Orainek galdeketaren prozesua adostu arte prosamena mahai gainean uzteko eskatu bazuten ere, alkateak ezezkoa erantzun ziela diote. Bi alderdiok “herritarren parte-hartzea eta ahalduntzearen alde” daudela esan dute, eta “galdeketa eskaera dagoen neurrian, bermatu” egingo dutela. Baina galdeketa “ez da gutxi batzuen uneko interesen harira” egin behar. Horregatik, ordenantza orokorrago bat egitea proposatu dute.