Erakargarritasun franko izan ditu Ordiziako asteazkeneroko feriak. Jatekoak, usaintzekoak, jende ezaguna, haur kuadrillak... Animazio handiko goiz pasa izan da, Plaza Nagusiko postuen artean.Batetik gaueko kurrilo pasearen hotsa; bestetik neguko jaki b...

Roberto Ruiz sukaldaria eta Edurne Jauregi, lehen romaneskuekin.
Erakargarritasun franko izan ditu Ordiziako asteazkeneroko feriak. Jatekoak, usaintzekoak, jende ezaguna, haur kuadrillak… Animazio handiko goiz pasa izan da, Plaza Nagusiko postuen artean.
Batetik gaueko kurrilo pasearen hotsa; bestetik neguko jaki beroak, garaian garaiko giroan. Asteroko bezero fin bati lapurtu diogu goiburua. Kurriloak, izan ere, iparraldeko herrialdeak utzi eta bero bila hegoaldera doazeneko marka uzten dute paseko toki hauetan, eta hotzaren iragarletzat hartu ohi dira. Aurre egiteko, berriz, jaki beroa atzodanik aukeran da: arto opila. Maite Iturbe okinak asteazken goizaldera egin eta lurrina dariela aurkeztu ohi ditu mahai gainean, erosleen tentaziorako.
Lehenak, atzo, kiloa 6 euroan ziren. Ez zaio erreza izan Iturberi kalitateko arto irina gertu aurkitzea. Azkenean, bezero bati esker, Arabako Herediagako arto ekologikoaren berri izan du, eta horrekin egindako arto opilak eskaintzen ditu. Arto irina ere salgai du, kiloa 3 euroan.
Mizkinentzat, naturala
Barazkietan azen familia hazten ari da. Orain arteko azaburu, bruselaza, azalore eta brokoliei romaneskua (brokoli eta azalore arteko kolore berde argidun puntaduna) eta lonbarda (aza gorria) gehitu zaizkie.
Romaneskua, hain barazki dotorea, bere horretan mahaian nola aurkez daitekeen galdetu diogu Tolosako Fronton jatetxeko Roberto Ruiz sukaldariari, Ordizian ohiko bezeroa. Azalpen egokiak eman ondoren, erantsi dio: «Eta ezkutuan dauden har horietakoren bat azalduko balitz ere zer? Oso esanahi aberatsa du horrek…».
Ferian zebilen sukaldari ezagun bakarra ez zen. David de Jorgek Ordiziako azoka aukeratu zuen atzo telebistako saioa grabatzeko. Haur talde mordoxka ere bai. Bizitasun handiko goiza.
Goienetxe fundaziokoak hasi dira berriz ere. Udako atseden aldiaren ondoren, hilabeteko bigarren asteazkenetan berriz hor izango dira. Bidezko merkataritzako produktuak salduz, adimen urritasuna duten hainbat lagun bezeroekin harremanetan jartzen dituzte.
Hamabi produktu, hamabi hilabete kanpainan piperra da nagusi. Plazan piper erretzen aritu zen Jose Luis Amatriain.
Gaur Emakume Baserritarraren Nazioarteko Eguna dela-eta aipamen zabalagoa egiten bazaie ere, Ordizian astero haien eguneroko eginkizunen emaitza antzeman eta bizi daiteke.