«Gorroto dut, batzuk negargarri bizi diren bitartean, besteak aberastea»
Juanita Murua (Zaldibia, 1936) Zaldibiako jubilatuen elkarteko lehendakaria da.
Zein zaletasun dituzu?
Irakurtzea eta ibiltzea. Dantza egitea ere gustatzen zait. Senarra ...
Juanita Murua (Zaldibia, 1936) Zaldibiako jubilatuen elkarteko lehendakaria da.
Zein zaletasun dituzu?
Irakurtzea eta ibiltzea. Dantza egitea ere gustatzen zait. Senarra ere dantza zalea zen. Zaletasun alaiak genituen.
Liburu bat.
Errusiako kontzentrazio esparruei buruzko bat eta Txiki eta Otaegiri buruzkoa.
Musika talde bat.
Gure gazte denborako Los Alegres taldea. Tolosaldekoak ziren. Egan eta Akelarre ere asko gustatzen zaizkit.
Abesti bat.
Benito Lertxundiren Oi ama Eskual Herri eta Pantxoa eta Peioren Azken dantza hau.
Janari bat.
Bakailaoa, piper berdeekin.
Edari bat.
Ez naiz edalea izan. Bazkalorduan ardo pittin bat eta, bazkaria berezia bada, kopatxo bat txanpan.
Oporretarako leku bat.
Almenara de Tormes (Salamanca, Espainia). Seme bat hango familia baten alabarekin ezkondu zen eta azken 32 urtetan hara joan gara.
Goierriko txoko bat.
Zaldibia. Beti Zaldibia.
Amets bat?
Familian denok lanbidea izatea.
Zure bizitzako egun bereziena.
Urrezko ezteien eguna.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Senarrak 1968an oparitu zizkidan urrezko katea eta eskumuturrekoa.
Gorroto duzuna.
Batzuk negargarri bizi diren bitartean, besteak aberastea.
Zaldibiako alkatea bazina…
Frontoia estali beharra dago eta jubilatuen etxea handituko nuke. Dena den, udala oso ondo portatzen da jubilatuekin.