Errigora, gora eta gora
Nafarroako Erriberako nekazaritza eta euskalgintza laguntzeko egitasmoa laugarren kanpainarekin dator. Goierrin ere sarea zabaltzen ari dira, eta aurten 20 herritan jarriko dituzte puntuakUrtez urte gora egiten ari da Errigora egitasmoa, bai zabalkunde...
Nafarroako Erriberako nekazaritza eta euskalgintza laguntzeko egitasmoa laugarren kanpainarekin dator. Goierrin ere sarea zabaltzen ari dira, eta aurten 20 herritan jarriko dituzte puntuak
Urtez urte gora egiten ari da Errigora egitasmoa, bai zabalkunde aldetik, eta baita salmenta aldetik ere. Bihartik aurrera, udazkeneko laugarren kanpainari ekingo diote, eta Goierriko arduradunek, markak hausten eta sarea zabaltzen jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute.Nafarroako Erriberako nekazaritza eta euskalgintza laguntzeko asmoz sortu zuten Errigora egitasmoa 2012an. AEK-ko Nekane Munduatek azaldu duenez, lehen urte hura «arrakastatsua» izan zen, eta jendearen harrera ona ikusita, urtero egiten dute geroztik. Urtean bi kanpaina nagusi egiten dituztela dio Munduatek: «bata udaberrikoa, Eskutik Eskura izenekoa, nekazaritza bultzatzeko asmoz egiten dena; bestea berriz, udazkenekoa da, euskalgintzari bideratuta egiten dena».
Kanpaina horien arrakasta neurtzeko datuei begiratzea besterik ez dago. Goierri mailako koordinazio lanetan aritzen den Erramun Amundarainen arabera, «lau urtean 370.000 kontserba pote eta 88.000 litro olio» banatu dituzte, eta guztira 15.000 etxetara iritsi dira.
Emaitza horiek lortu badira, hein handi batean «auzolanari esker» izan dela azpimarratu du Munduatek. Hala, gero eta sare zabalagoa osatzen ari direla aipatu du, eta horrek, ekoizleen, boluntarioen eta kontsumitzaileen arteko «harreman zuzena» sortzen laguntzen duela. Sare hori zabaltzen jarraitu nahi dute, ordea, eta aurten, Ipar Euskal Herrira jauzia eman nahi dute. Bide horretan, aurtengo helburua «orain arteko kontsumitzaileak mantendu eta berriak erakartzea» izango dela zehaztu du Munduatek.
20 herri eta 5 enpresa
Goierrin ere sarea zabaltzen ari da urtetik urtera, eta dagoeneko 20 herritan dituzte salmenta puntuak. Horiez gain, Goierriko enpresa garrantzitsuenetako bostek (Ampo, CAF, Indar, Orkli eta Irizar) ere bat egin dute egitasmoarekin, eta langileen artean banatuko dituzte eskaera orriak. Eskaera egiteko, puntu horietakoren batera jo behar du; 50 euroren truke, 14 produktuz osatutako lotea jasoko du. Errigoraren udazkeneko kanpainak, azaroaren 8ra arte iraungo du.













