Ataungo herri bideak zerrendatu eta izaera ofiziala emango die udalak
Ataungo herri bideak zeintzuk diren argitze aldera, inbentarioa egiteari ekin dio udalak. Garai batean nekazaritza eta basogintza erabilerarako sortutako bideak katalogatuko ditu, eta «etengabeko gatazka-iturri» bihurtu ohi den jabetzaren gaia bideratu nahi du. «Arazo horiek behin betiko konpontzeko asmoarekin, udalak Bide Publikoen Inbentarioa osatuko du, aurrerantzean berme administratibo guztiak eskainiko dituena, eta jabetza, eskubide eta araudietarako erreferentzia izango dena».
Udalak Sendo enpresa hartu du bide publikoen inbentarioa egiteko. Herritarren laguntza ere eskatuko dute.
Azterketa horren berri emateko, udalak bilera antolatu du, herritarrentzat. Bihar (osteguna, urriak 22) 18:00etan da, udaletxeko batzar aretoan. Zer lan eta nola egingo duten esango dute teknikariek.