Artzai Gazta elkarteak antolatzen du, eta Araba, Bizkai, Nafarroa eta Gipuzkoako 10na gaztagilek hartuko dute parte, Goierriko lauk tartean
Larunbat eguerdian Aizpea gaztandegiko artaldeak Idiazabal zeharkatuko du. Irudi hau 2013koa da.
Euskal Herriko 32. Gazta Txapelketa jokatuko da larunbatean, hilak 24, Idiazabalen. Artzai Gaztak elkarteak antolatutako lehiaketa honetan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hamarna gaztagilek hartzen dute parte. Arabako sailkatuak Agurainen egiten den txapelketan aukeratzen dira, Bizkaikoak Axpekoan, Nafarroakoak Uharte-Arakilgoan eta Gipuzkoakoak Legazpiko Artzain Egunean. Hartara,
Goierriko lau gaztagile ariko dira larunbateko lehian: Olaberriko Aizpea, Ordiziako Joseba Insausti, Segurako Karmele Murua eta Gabiriako Baztarrika.
Idiazabalek hirugarren aldiz hartuko du Euskal Herriko Gazta Txapelketa, aurreko 29 edizioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan jokatu izan baitira txandaka. Artzai Gazta elkarteak Idiazabalen du egoitza, eta orain hiru urte txapelketa Idiazabalen finkatzeko erabakia hartu zuen. Artzai Gazta lau herrialdetako 110 gaztagilek osatzen dute.
Aizpeako artaldea
Postuak 10:00etan zabalduko dituzte, eta hainbat produktu dastatu ahalko dira. Gazta txapelketa, berriz, 11:00ak aldera hasiko da, eta epaia 13:30ean jakingo da. Aurtengo une hunkigarrienetako bat Olaberriko Aizpeako artaldearen pasaera izango da. Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillaga artzainak Bizkairaino joan dira aurten garai bateko transhumantzia gogoratzeko dokumental bat grabatzeko, eta etxera bueltan, Idiazabal izango da zeharkatuko duten azken herria.
EGITARAUA
10:00. Postuen irekiera (gazta, ogia, sagardoa, txakolina, ardoa, basetxerri, eztia, artilea ….).
10:30. Lehiaketarako gaztak jasotzen hasiko dira.
11:00–13:30. Gazta Txapelketa epamahaia lanean.
11:00 -13:30. Goierri kantuzaleen elkartaratzea Pilar enean eta bitarte herriko puntu desberdinetan kantujiran ibiliko dira ondoren herriko plazara hurbilduz.
11:30tik aurrera. Plazan, gazta egite erakustaldia, haurrentzako artile tallerrak.
12:00. Aizpea gaztandegiko artaldea herriko kale nagusitik pasako da.
13:30. Gazta Txapelketako sari banaketa.
13:45. Kantujira saioa herriko plazan sari banaketari bukaera emateko.
14:30. Kantu bazkaria kiroldegian.
17:00. Kantu Jaialdia Goierriko Kantuzaleen eskutik.