![Iaz Beasainen egin zen Goierri Kantuz eguneko irudia.](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/10/Goierri_Kantuz_eguna.jpg)
Iaz Beasainen egin zen Goierri Kantuz eguneko irudia.
Euskal Herriko Gazta Txapelketaren harira Idiazabalen izango den festa giroa baliatuz, Goierriko II. Kantu Jira ere herri eta egun berean ospatuko da aurten. Goierriko kantuzaleen topaketa hori Beasainen egin zen iaz estreinekoz, eta Idiazabalgo taldeak hartu du aurtengoa antolatzeko ardura. Goierriko hainbat herritako kantariak (Beasain, Ataun, Lazkao, Segura, Urretxu-Zumarraga eta Idiazabal) , Tolosaldekoak eta Donostiakoak elkartuko dira larunbatean Idiazabalen, Jesus Urteaga Idiazabalgo Kantu Jira taldeko kideak adierazi duenez. Guztira 300 bat kantuzale elkartuko dira.
Pilar-Enean dute lehen hitzordua, 11:00etan. «Elkartu eta berehala hamaiketakoa egingo dugu, eta ondoren, eguerdira bitarte kantuan ariko gara herrian zehar». Urteagak adierazi du Idiazabalgo Udalak bina txartel eman dizkiela kantari guztiei, herrian jarriko dituzten postuetan pintxo bat eta trago bat hartu ahal izateko.
Bertso zaharrak ere bai
Gazta txapelketaren sari-ematea ere girotuko dute kantu jirako partaideek, eta ondoren, txapelketan parte hartu duten gaztagile eta antolatzaileekin batera Zelaa kiroldegira joango dira bazkaltzera. Otordua ere kantuz girotuko dute. Urteagak adierazi du arratsaldeko kantu saiorako (17:00etan hasiko da) liburuxka bat prestatu dutela, eta herritar gehiagok ere parte hartuko dutela: «Musika eskolakoek pare bat kanta joko dituzte, herri eskolakoek Idiazabalgo hiru bertso zahar abestuko dituzte, eta abesbatzakoek ere parte hartuko dute».
Idiazabalgo Kantu Jira taldea orain dela hiru urte sortu zen, eta hileko azken ostegunetan kalea kantuz girotzen dute 40 bat lagunek, adinekoak gehienak.