Legazpiarrek Kale Zaharreko festak ospatuko dituzte asteburu honetan
Asteburu honetan Legazpiko Kale Zaharreko jaiak ospatuko dituzte. Festa hauek iaz antolatu zituzten lehenengoz, Kale Zaharraren zaharberritzea dela eta. Aurten, Udalak, Beti-Gazte Animazio Taldeak eta kaleko bi tabernek antolatu dituzte.
Jaiak ostiralean hasiko dira, 19:00etan, altxaferoekin. Ordu berean, buruhandiak irtengo dira. Ondoren, 20:00etan, Latoga taldeak kontzertua emango du.
Larunbat eguerdian, 12:30ean, txorizo egosia eta sagardoa dastatzeko aukera edukiko dute Kale Zaharrera hurbiltzen diren guztiek. Ekitaldian trikitilariek parte hartuko dute. Bazkalostean, 16:30ean, haur jolasak egongo dira, Sorgintxulok antolatuta. Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 20:00etan Urretxu eta Zumarragako The Northagirres taldeak rock kontzertua emango du.
Jaiak igandean bukatuko dira, herri kirol saio batekin. Hasteko, aizkolariak arituko dira: Xabier Zaldua zumarragarrak eta Xabier Dorronsoro zeraindarrak, Anjel Arrospide zumarragarrarekin eta Luis Ibarguren legazpiarrarekin neurtuko dituzte indarrak. Ondoren, Aimar Galarragak harriak jasoko ditu. Bukatzeko, sokatira saioa egingo dute.
Karibe Zaharreko Joseba Telleriak Kale Zaharrak festa batzuk merezi zituela dio. «Iaz kalea oinezkoentzat egokitu zen eta udalak inaugurazio festa antolatu zuen. Ekitaldiak urriko azken asteburuan izan ziren eta jaiak data horretan antolatuko ditugu urtero».
Telleriak urte asko daramatza Kale Zaharrean lanean. «1984an hasi nintzen tabernan lanean. 1990an lehengusu batek eta biok hartu genuen. Lanpostu bakarra izan dut: Karibe Zaharrekoa. Beti Kale Zaharrean lan egin dut, beraz. Kale hau beti berezia izango da niretzat. Gainera, bizilagun guztiok elkar ezagutzen dugu eta giro bikaina dugu».
Hala, Karibe Zaharrekoek bizilagunentzat beste festa bat antolatu behar dute abenduaren 5erako. «Abenduaren 3an 25 urte beteko dira taberna hartu genuenetik eta ekitaldi batzuk antolatuko ditugu ospatzeko».