Punk bateria jotzailea
Las Tuerkas taldean jotzen du Saioa Puebla zumarragarrak. Punk eta rock estiloak lantzen ditu hiru emakumek osatutako taldeak. Punk-aren indarrak txikitatik erakarri ...
Las Tuerkas taldean jotzen du Saioa Puebla zumarragarrak. Punk eta rock estiloak lantzen ditu hiru emakumek osatutako taldeak. Punk-aren indarrak txikitatik erakarri du Puebla. Asteburuan Huescan eta Lleidan joko dute.
Sex Pistols, Ramones edo The Class taldeek punk mugimenduari doinua jarri zioten. 40 urte dira protestaren sinbolo bilakatuko ziren larruzko jakak, bota militarrak eta gandor berdeak zabaldu zirela. Irudi bat ez ezik, punk mugimendua askoz gehiago izan zen eta da. Saioa Puebla (Zumarraga, 1991) jaio gabe zegoen Sex Pistols taldeak lehenengoz God save de Queen kantatu zuenean, baina gogoan dauzka Errioxako Bañares herrian uda partean egiten ziren musika jaialdiak. «Ostegunetan punk-aren eguna ospatzen zen, larunbatetan rock-arena», dio. Bi mototsetan lotzen zuen ilea taula gaineko indarra bere barruan barreiatu zenean. «Bateria jo nahi nuela erabaki nuen».
Musika ikasketak egin zituen, flauta jotzen ikasi ere. 14 urterekin baketak hartu eta bateria jotzen hasi zen. Orain hiru urtetik ari da Las Tuerkas taldean jotzen. Punk-a eta rock-a jorratzen dituzte, hardcore-ari ere heldu diote.
Aurretik beste talde batean egin zituen lehen urratsak: Las hijas de la evasion. Etapa hori amaituta, urtebete jo gabe egon zen eta mutil talde batean sartu zen, jazz eta blues doinuak jorratu zituen. «Pila bat ikasi nuen, baita bateria hobeto jotzen ere». Garai hartan Maitane Manzana arrasatearra ezagutu zuen, telefonoak trukatu eta hor geratu zen kontua. Beste urtebete igaro zen berriz topo egin eta Las Tuerkas izango zena martxan jarri zuten arte. Baxujole bat batu zen taldera eta hiruen artean sortutako energia ona lagun, abestiak sortu zituzten lehenengo egunetik. Baxujoleak utzi zuen taldea eta Legazpiko Maider kidea batu zitzaien.
Kontzertuak
Urtebete egin zuten barruko lana egiten. Lokaletik atera eta bost kontzertu eman dituzte. Azkena, Beasaingo gaztetxean; hurrengoak asteburuan, Huescan eta LLeidan. Tartean, Parisen ere jo dute eta Austrian jotzeko gonbita jaso dute.
Beasaingo gaztetxean txiletar batzuk egon ziren publikoan, «halako indarrarakin jotzen duen emakume talderik ez dagoela Txilen esan ziguten». Punk-a borroka dela dio eta mutilen esparrua izan dela ere bai. Asko dago egiteko.