Abenduaren 8an jokatuko da eta Gipuzkoako txapelketako lasterketa izango da Beasaingoa. Goierrin beste bi proba jokatuko dira aurten: Legazpin eta Ormaiztegin
Beasaindar helduenek ondo gogoan dute 1966ko otsailaren 27a. Munduko ziklo kros proba jokatu zen herrian, Loinatz Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Munduko txirrindularirik onenak bertatik bertara ikusi zituzten goierritarrek. Lasterketa De Vlaeminckek irabazi zuen.
Beasainen munduko ziklo kros proba jokatu zen 1966an.
Otsailean proba haren 50. urteurrena beteko denez, Loinatz elkarteak ziklo kros proba berriz ere Beasainen antolatzeko saiakera egin du. Abenduaren 8an izango da, goizean, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Munduko txapelketarik ez da jokatuko oraingoan; baina Gipuzkoako txapelketen egoitza izango da. Kadete, junior, elite, 23 urtez azpikoen eta masterren mailako lasterketak jokatuko dira.
Ibilbidea oraindik guztiz zehazteko dago, baina antolatzaileek aurreratu dutenez, 2.500 metro inguruko ibilbidea egokituko dute: «Urte haietan izandako ibilbidearen antzekoren bat aztertzen eta baloratzen ari gara». Errekarte eta Igartza inguruan osatu zuten 1966ko munduko txapelketako ibilbidea.
Boluntario bila
Antolaketa lanerako jendearen laguntza beharrezkoa du Loinatz Elkarteak, bai egunean bertan, bai aurreko egunetan. Boluntarioen lana zehazteko
azaroaren 3an bilera egingo dute, 19:00etan, Loinatz Txirrindulari Elkartearen egoitzan (Zelaeta kalea, 3). Bilerara joan ezin duenak eta laguntzeko prest dagoenak bi bide ditu antolatzaileekin harremanetan jartzeko: iaranguren@oteitzalp.com posta elektronikoa eta 686 74 80 33 telefono zenbakia.
Goierrin beste bi proba
Beasaingo proba ziklo kros denboraldiko Gipuzkoako bigarren proba izango da; lehenengoa Asteasun jokatuko da abenduaren 5ean. Guztira hiru lasterketa jokatuko dira Gipuzkoan; horietatik hiru, Goierrin. Legazpikoa izango da lasterketarik garrantzitsuena, Euskadiko txapelketak jokatuko baitira bertan. Abenduaren 27an izango da. Urtarrilaren 3an, berriz, Ormaiztegin jokatuko da XLV. edizioa izango duen lasterketa.