Aldundiak partaidetza aurrekontuei buruzko bilera deitu du gaurko
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo udaberrian abiatutako Partaidetzazko Aurrekontuen inguruan hartu dituen erabakien berri emateko bilera bat deitu du gaurko. Goiekik Ordizian duen egoitzan izango da batzarra, 18:30ean, eta Imanol Lasa Gobernantza eta ...
Goierrin ez ezik, Gipuzkoako beste 9 eskualdetan abiatu zuen partaidetza prozesua Aldundiak, eta aurrekontuetako 20 milioi jarri zituen herritarren eskura, eskualde bakoitzean lehentasunezko proiektuak zein izan zitezkeen erabakitzeko. Horietatik lau milioi Goierriri zuzendutakoak ziren, Goierri behea eta garaiari bina. Goierriko herritarrek lehenetsitako 20 proiektuak Aldundiko teknikarien esku geratu ziren ekainean.
Prozesuak bermerik ez
Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu berriak, aldiz, partaidetza prozesu horren metodologian «hobekuntzak egitea» erabaki du proiektuaren orain arteko bilakaera aztertu ondoren. Gaurko bileran emango da aldaketa horien nondik norakoen berri.
Astelehenean prentsaren aurrera atera zen Imanol Lasa diputatua prozesu honi buruz foru gobernu berriak duen iritzia plazaratzeko. Haren esanetan, Foru Aldundi berriak «ez du bermerik ikusten» partaidetzazko aurrekontuen proiektuan, baina hala eta guztiz ere, aintzat hartuko ditu aurkeztutako proposamenak. Teknikoki, ekonomikoki eta politikoki proiektuak «gabeziak» dituela iritzi dio Lasak, baina «alor positiboak» berreskuratzeko asmoa adierazi du.
Goierriko 20 proiektuak
Goierrin egin ziren bileretan 245 proposamen jaso ziren 145 behean eta 100 garaian, eta horietatik hamarna jo ziren lehentasunezkotzat. Behean, euskara, aniztasuna, berdintasun eta parte hartzea zeharkakotasunez lantzea hobetsi zen, eta garaian, Emakumeen Etxea.













