Alternatibak badaudelako
«Alternatibak dituen herria bizirik» dagoela irudikatuko dute bihar Bilbon, Euskal Herriko Karta Sozialaren asanbladak egingo duen Alternatiben Herria egitasmoan.
Goierrin bada sustrairik Euskal Herriko Karta Sozialak Goierrin ere baditu sustraiak. Orain hilabete batzuk hasi ziren lanketa egiten eskualdean, eta ekintzak ere egin dituzte gai konkretuen inguruan. Azken asteetan Alternatiben Herria dute jomuga, eta bakoitza bere sektoretik ari da lanean. Guztien antolaketa lanetan, baina, sei pertsonako taldea ari da, batez ere. Talde dinamizatzaileko kideen esanetan, bi lanketa egin dira orain artean: «Eragileak saretzen aritu gara, bestelako gizarte bat nola eraiki zehazteko. Bihar Bilbon hori garatuko da, eta orain arteko protesta formatutik festa girora salto egingo da, proposamenak baditugula esateko. Proposamen horiek erakutsiko dute ez dagoela lanerako bide bakarra, baina bai lan egin litekeela». Gero eta gehiago dira Gutun Sozialarekin bat egiten dutenak, eta horiei zein gainerakoei bihar Bizkaiko hiriburura joateko deia egin diete. Autobusa ere jarri dute –09:30ean aterako da Beasaingo Bernedo Eneako aparkalekutik–. Eta biharkoa igarota sustraiak sendotzea izango da ondorengo lana. Talde dinamizatzailekoen arabera «Goierrin lehentasun batzuk zehaztu behar dira, eragile gehiagorengana iritsi, Karta Sozialaren berri ematen jarraitu eta mugimendua zabaldu». Horixe izango dute xede aurrerantzean, «adibide praktikoen bidez Goierriko beharrak ikusi eta horiek zabaldu». Egungo sistemak alternatibak dituela erakusteko oinarria izango da Karta Soziala.