Ardiki Eguna ospatuko dute igandean Zaldibian, mondeju zuriaren eta Aralarko gaztaren inguruan
Aralarren magalean ondutako bi jaki preziatu goratuko dituzte, igandean, Zaldibian. Urteroko Ardiki Eguna ospatuko dute, 10:30etik aurrera, egun osoan. Tartean izango dira Zaldibiako 21. Mondeju Lehiaketa, eta Aralarko 18. Gazta Lehiaketa.
Azoka, erakusketak eta postuak 10:30ean zabalduko dituzte, plazan. Ardi gazta eta mondejua egiten ikusi ahalko dira zaldibiarrak, baita artilea lantzen eta saskiak egiten ere.
Artisauen postuek, jakien salmentak eta ganadu —latxa ardiak, ahuntz azpigorriak, pottokak— erakusketek osatuko dute eskaintza.
Inustiko haustarria plazan
Garai batean Zaldibiak, Lazkaok eta Ataunek osatu zuten herri elkargoaren lurrak markatzen zituen Inustiko Haustarria erakutsiko dute, aurten, lehen aldiz.
Haustarriek —hausterratza ere deitzen zaie— lur sail bat edo saroiak adierazten zituzten, antzina. Erdi-erdian jarri ohi ziren.
Antzinako bizimoduari beste keinu bat astazerrarekin egingo diote. Arpanarekin enborra lehen nola ebakitzen zen erakustaldia antolatu dute.
Mondejuen eta gazten sariak 13:30ean emango dituzte. Egaña eta Lizaso ariko dira bertsotan. Bazkaria (mondejua, ardikia saltsan eta erreta, eta gazta) Herri Antzokian eta jatetxeetan da (25 euro, txartelak herrian salgai).
Arratsaldean, 18:00etan, erromeria izango da. Goierriko Birako bigarren dantzaldia da, Ordiziako estreinakoaren ondotik. Kalejirarekin bukatuko da festa.